Gizartea -
Edoskitzea
Amaren Esnearen Euskal Bankua: 7 urte haur goiztiarrei elikadurarik onena bermatzen
Ama-esnea Ateratzeko Mundu Egunean, eitb.eus-ek arreta jarri nahi izan du ama izan berri diren emakume askok, modu altruistan, beste ume batzuk elikatzeko ematen duten esne hori biltzeko prozesuan eta ematen zaion trataeran.
A. ARAMENDI ELDUAIEN | EITB Media
Ama-esnea da haur jaioberriei eman dakiekeen elikadurarik onena, are gehiago zegokion garaia baino lehenago edota behar baino txikiagoak jaio badira. Horixe baieztatu zion duela hilabete batzuk eitb.eus atariari Donostia Ospitaleko neonatologia saileko lantaldeak. Azaldu zuten haur horien biziraupena hobetu duen arrazoietako bat dela.
Hori dela eta, urtarrilak 27 dituen honetan, Ama-esnea Atearatzeko Mundu Egunean, Euskal Autonomia Erkidegoko Amaren Esnearen Bankua bisitatu nahi izan dugu, bertan tratatu eta gordetzen baita ama askok doan eman eta ondoren ospitaleetara bidaliko den esnea.
Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan dago EAEko Esne Bankua, Usansolon. Bertan prozesatzen eta gordetzen dira Osakidetzak behar izaten dituen giza ehun eta sustantziak, besteak beste, azala, tendoiak eta emandako odola. 2017ko udazkenean hasi zen lanean eta zazpi urte daramatza ehunka amaren esnea jaso, aztertu, pasteurizatu, izoztu, gorde eta behar duten ospitaleetara banatzen.
Ospitaleek egiten dzkieten eskaeren arabera, esne emaile gehiago edo gutxiago behar izaten dituzte, baina, gutxi gorabehera, urtean 100 emaile izaten dituzte eta 420 litro esne jasotzen dituzte.
Emaile horiek bete beharreko baldintzak errazak izan ohi dira, haurra edoskitzen ari den ama batek betetzeko modukoak: ezin dute erre, ez alkoholik edan, ez sustantzia toxikorik hartu, elikadura orekatua eta osasungarria izan behar dute eta higiene neurri jakin batzuk bete.
Hori bai, 6 hilabete baino txikiagoa den umea izan behar dute. Izan ere, ama-esnearen ezaugarriak aldatu egiten dira edoskitzen ari den haurrak elikadura osagarria hartzeari ekiten dionean.
Behin esnea aterata, etxeko izozkailuan gorde beharko du emaileak eta 15 eguneko epean hori egiteko zehaztuta dauden 11 egoitzetako batean utzi: Transfusio eta Giza Ehunen Zentroan bertan, ospitale nagusietan, hiriburuetako emaileen puntu finkoetan eta Arrasate, Durango eta Gernikako osasun zentroetan.
Esnea uzteko egoitzetara joatea izan daiteke prozesu osoko "alderik zailena edo deserosoena", Aintzane Tierra emailearen ustez. Amurrion bizi da eta Gurutzetako ospitalera joan ohi da esnea eramatera. Hori dela eta, Esne Bankuaren arduradunak etorkizunean beste punturen bat zabaltzea aztertzen ari dira.
Esnea eman nahi izanez gero, gomendagarria da osasun zentroko emagin edo pediatrekin hitz egitea edo esneareneuskalbankua@osakidetza.eus helbidera mezu bat idaztea.