Gizartea -
Ikasleen greba
Kalteak eragin dituzte Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, greba egunean
Ikasle talde bat Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzara sartu da eta Ertzaintzak esku hartu du, ikasleek tasen igoera eta murrizketak salatzeko deitutako greba egunean.
Erredakzioa
Irakaskuntzan greba eguna da gaurkoa. Espainiako Gobernuak ezarritako erreforma eta murrizketen aurka kalera irten dira hezkuntza ertaineko ikasleak bezala unibertsitatekoak ere. Mobilizazio eta protesta ugari deitu dituzte egun osoan batean eta bestean.
Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan greba izaten ari den jarraipenarekin oso pozik daude deitzaileak. Batez beste % 80tik gorako jarraipenaz hitz egin dute. Hezkuntza Sailetik, dena den, ez dute datu zehatzik eman. Euskal Herriko Unibertsitateak ez du grebak izan duen jarraipenaren gaineko informaziorik eman, baina Bilboko campusean grebak jarraipen txikia izan duela azpimarratu du.
Helburua beteta
Helburua betetzat eman dute grebaren deitzaileek. Ikasle Abertzaleetakoen hitzetan, hezkuntzaren kalitatea kaskartu, unibertsitate tasak igo edota hezkuntzaren pribatizazioa bultzatzen duen erreformaren kontrako erantzuna handia izan da.
Basakeriatzat jo duten erreforma Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroko Gobernuak nola aplikatzen duten zorrotz jarraituko dutela ohartarazi dute.
Hezkuntza Sailek ofizialki ez dute grebaren jarraipen daturik eman, baina goizeko lehen orduan Paloma Virseda Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen erretoreordeak esan du ikasle "gutxi" zeudela ikasgeletan.
Itxialdia eta istiluak
Gauean itxialdia egin dute NUPen 60 bat ikaslek, baina erretoreordeak azpimarratu du ez dela inongo arazorik izan.
Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako campuserako sarbidea itxi dute goizean 30 bat gaztek, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Ertzainek lurretik altxatzeko eta errepidetik kentzeko eskatu diete, eta protesta ekitaldia bertan behera gelditu da. Bizkaiko Alderdi Popularrak salatu duenez bestalde, Leioako kanpusera zihoazen autobusen kontra eraso egin dute, klase ematea galarazi dute eta grebarik egin nahi izan ez duten ikasleak mehatxatu eta grabatu egin dituzte.
50 pertsonez osaturiko talde batek edukiontziak jarri ditu Gasteizko Florida kalean eta Cervantes pasealekuan 10:30ean, eta ondorioz, bi kaleak itxita egon dira.
Eguerdian, hiru euskal hiriburutan eta Euskadiko hainbat herritan egindako manifestazioetan parte hartu dute ikasleek. Bilboko manifestazioaren ostean, gazte talde bat Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzara sartu da. Ikasleek kalte materialak eragin dituzte eta Ertzaintzak esku hartu du.
Mobilizazio handienak, Bartzelonan eta Granadan
Nazioarte mailako ikasle mobilizazio egunean ari dira egiten protesta hauek. Estatu osoan deitu dituzte, eta mobilizazio handienak Bartzelonan eta Granadan izan dira.