Gizartea -
alkoholik gabeko ardoa
Alkoholik gabeko ardoen salmenta, merkatuan gero eta errotuago dagoen negozioa
Alkoholik gabeko edarien kontsumoak gora egin du azken boladan, eta bezero berriak erakarri asmoz, gero eta ardogile gehiago dira merkatu berri horretan murgiltzea erabaki dutenak. Adituek, ordea, nabarmendu dute produktuak ez direla parekatu behar, ezberdinak direlako.
A. S. | EITB MEDIA
Alkoholik gabeko ardoa, 00 ere deiturikoa, gero eta zabalduago dago gizartean. Urtez urte asko ari dira hobetzen eta gero jende gehiago erakartzen dute. Urteak dira alkoholik gabeko garagardoa gure artean dela, baina askori, betiko ardo tradizionalaren zaleei, batik bat, oraindik orain arrotza egiten zaie alkoholik gabeko ardoaz hitz egitea. Etorkizuna, baina, hor dagoela argi dute ardoan adituak direnek.
Testuinguru horretan, upategi batzuk eman dute saltoa eta hasi dira dagoeneko alkoholik gabeko edo desalkoholizatutako ardoekin lanean, eta gero eta ohikoagoa da supermerkatu handietan edo ostalaritzan alkohol arrastorik ez duten ardoak topatzea.
Pertsona askok, arrazoi ezberdinak tarteko, ez du alkoholik edaten: intolerantziagatik, osasunagatik, erlijioagatik edo, besterik gabe, gustuko ez dutelako. Kontsumitzaileen ohiturak ere aldatu egin dira: garagardoa ardoa baino gehiago edaten dela diote ikerketa askok, eta gazteenek, Z belaunaldiak, gero eta alkohol gutxiago edaten du.
Kontsumitzaile horien beharrak ase asmoz, ardoaren industria alkoholik gabeko ardoak ekoizten hasi da. Frantziako merkatua da alkoholik gabeko edarien kontsumo-talderik handiena duen herrialdea, baina gainerakoetan ere ari da hazten alkoholik gabeko edarien kontsumoa.
Nola lortzen da alkoholik gabeko ardoa?
Alkoholik gabeko ardoa egiteko prozesua ardo tradizionalaren antzekoa da, urrats gehigarri batekin: erauzketa. Alkohola hiru eratara atera daiteke: hutsean destilatzea, alderantzizko osmosia eta kono birakariko teknologia. Ardoari buruzko aditu askok onartzen dute ez duela ohiko ardo baten usainik, ezta haren gorputzik ere, baina edari osasungarria eta atsegina denez, ate bat irekitzen dio kontsumitzaile talde oso bati ardoaren munduan sartu ahal izateko.
Ukaezina dena da alkoholik gabeko ardoen merkatuaren aurreikuspenek hazkunde argia adierazten dutela.
Eta sektorearen etorkizuna zer?
Adituek diote gaur egun produktu hori ezin dela benetako ardoarekin alderatu, eta, hortaz, ez datorrela ardo tradizionala ordezkatzera, aukera berri bat eskaintzera baizik,
Alkoholak funtsezko zeregina du ardoan, zapore-eramaile gisa. Horregatik, ardozale askok ez dute begi onez ikusten alkoholik gabeko ardoaren kontu hori, horien hitzetan, produktua erabat aldatzen baita.
Hala ere, aditu asko bat datoz esatean hasieran alkoholik gabeko ardoek aurreikuspenak betetzen ez zituzten arren, asko aurreratu dela eta gero eta gertuago daudela helburuetatik.
Aurrerapen handiak egin dira ildo horretan, baina asko dago egiteko, adituek diotenez: alkoholik gabeko ardo batek ez duelako zerikusirik ardo tradizional batekin.