Gizartea -
Osasuna
Gripe kasuek behera egin dute EAEn eta ospitaleratzeen kopurua gutxitu egin da
Urtarrilaren 13 eta 19 arteko astean, 100.000 biztanleko 67,7 kasu zenbatu ziren. Aurreko astearekin alderatuta, 13 puntuan egin du behera tasak.
EITB Media
Hainbat astez gorako bidean egon ondoren, gripearen eragina murriztu egin da Euskadiko Autonomia Erkidegoan urteko hirugarren astean, urtarrilaren 13tik 19ra bitartean. Jaitsiera Lehen Arretan zein erietxeetan nabaritu da. Lehen arretako inzidentzia tasa 100.000 biztanleko 67,7 kasukoa izan da, aurreko astean baino 13 puntu gutxiago (80,2 kasukoa baitzen) eta, ondorioz, ospitaleratzeen kopurua ere jaitsi egin da.
Osasun Saileko Zaintza Epidemiologikoaren arloak astero egiten duen txostenean adierazi duenez, Arnas Infekzio Akutuen (AIA) tasak behera egin du orokorrean hirugarren astean. Lehen Mailako Arretako sarean tasa global hori 100.00 biztanleko 651,8 kasukoa izatetik 600,9koa izatera igaro da.
Ospitale-sareko AIA larriaren tasa ere 5 puntu pasa jaitsi da: 100.000 biztanleko 27,2koa izatetik 22,1ekoa izatera.
Hala ere, Osakidetzak kontingentzia aktiboko planari eustea erabaki du momentuz, hurrengo egunetako bilakaerak beheranzko joerari eutsi eta epidemiaren punturik altuena aurreko astekoa izan zela egiaztatu arte.
Lehen arretan zein ospitaleetara bideratutako errefortzu horrek, besteak beste, ospitaleratze-kasuetarako 508 ohe gehiago jartzea aurreikusten du. Gaur egun, 339 ohe daude prest: 48 Araban, 115 Gipuzkoan eta 176 Bizkaian.
Bronkiolitis kasuek ere beheranzko bidean jarraitzen dute: tasa 374,1 kasukoa da 100.000 biztanleko (420 kasu ziren aurreko astean). Azkenik, covid-19aren kutsatze-tasak balio baxuetan jarraitzen du: 2,0 kasu (aurreko astean 1,9 ziren).
Osasun Sailak eta Osakidetzak gripearen bilakaera beste sasoi batzuetan izaten denaren antzekoa dela azpimarratu dute. Azaldu dute birusak ez duela larritasun berezirik eragin eta adierazi dute txertaketari esker lortu dela. Kanpaina honetan txertoa hartu dutenen kopurua % 4 baino gehiago igo da; gripearen aurka 531.722 dosi, eta covidaren aurka 366.114 dosi jarri dituzte.
Azkenik, osasun agintariek gripea eta beste arnas-gaixotasun batzuk prebenitzeko ohiko gomendioak jarraitzea gomendatu dute: eskuak sarri garbitu, pilaketak saihestu, espazio itxiak aireztatu eta maskara erabili.