Gizartea -

ITALIA

Realaren bederatzi jarraitzaile zauritu dituzte Erroman Lazio taldeko ultrek

Poliziaren arabera, zauritutako bi ospitalean daude, baina arriskutik kanpo. Ultras Lazioren eskuin muturreko 80 jarraitzaile inguruk eraso egin diete 70 bat zale txuri-urdini, Erromako taberna batean. Istiluak bart jazo dira, Reala-Lazio partidaren bezperan.

Borrokaren une bat. X saretik hartutako bideo baten pantaila kaptura.
Borrokaren une bat.
Borroka jendetsua izan da Erroman Realaren eta Lazioren jarraitzaile ultren artean

0:41

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Realaren bederatzi jarraitzaile zauritu dituzte bart Erroman (Italia), Lazio futbol taldearen jarraitzaile ultrek egindako erasoan. Ultras Lazio eskuin muturreko zaleek eraso egin diete zale txuri-urdinei, eta ondoren, istiluak sortu dira erdiguneko kaleetan. Donostiako eta Italiako taldeak Europa Ligako partida dute gaur gauean (21:00etan), eta horren bezperan jazo dira gertaerak.

EFE albiste agentziari poliziak baieztatu dionez, zauritutako sei zale ospitalera eraman dituzte (gainerako hirurek ez dute osasun-zerbitzuek artatzerik nahi izan), eta bik erietxean jarraitzen dute: baten pronostikoa erreserbatua da, eta besteari jakinarazi diote 30 egunen buruan osatuko dela. Gainerakoek sendagiria jaso dute.

Italiako hainbat hedabideren arabera (Italiako La Repubblica egunkaria eta RAI irrati publikoa), Ultras Lazio talde ultraren 80 bat zale (burua estalita eta beltzez jantzita) RS Firm Realeko jarraitzaileak zeuden Finnegan pubean sartu dira eta eraso egin diete. Kalean jarraitu dute istiluek, Koliseotik gertu. Komunikabideon arabera, bederatzi dira zauritutakoak, eta horietako bat larri dago.

Italiako Poliziak hainbat gailu atzeman die zale italiarrei, hala nola labanak, makilak eta arma gisa erabil daitezkeen bestelako tresna batzuk. Agenteek hainbat zale atxilotu dituzte, eta ikerketa abiatu dute erasotzaileak identifikatzeko; kaleko kamerak berrikusiko dituzte horretarako.

Poliziak atzemandako gailuetako batzuk. Argazkia: RAI

Poliziak atzemandako gailuetako batzuk. Argazkia: RAI

Roberto Gualtieri Erromako alkateak Lazioko ultrek Realaren jarraitzaileei egindako erasoa gogor gaitzetsi du, eta gaineratu gertaturikoa "lotsagarria" eta "onartezina" dela.

Alkatearen esanetan, gertaturikoak hiriari eta herritarrei kalte egiten diote. Ildo horretan eta Poliziak ikerketa egin ondotik, espero du erasoaren erantzuleak ahalik eta azkarren identifikatu ahal izatea.

Lazio taldeak gertaturikoa gaitzetsi du eta prest agertu da gertaturikoa argitzeko lanean ari diren Italiako agintariekin kolaboratzeko. Halaber, "neurri gogorrak" ezarriko dituela iragarri du bere taldearen jarraitzaileak istiluetan nahasita egonez gero.

Realak badu gertatutakoaren berri, baina, oraingoz, ez du adierazpen ofizialik egin. Jokin Aperribay presidenteak Erromako bi ospitaletan jarraitzen duten bi zaletuei —bati ebakuntza egin diote— bisitan joan zaie, eta, ondoren, Erromara Realaren partida jarraitzeko gerturatu diren hedabideen aurrean hitz egingo du.

Joan Caballero talde bortitzetan adituak Radio Euskadin azaldu duenez, Erromakoa ez da borroka izan, "segada" baizik. Hots, Italiako eskuin muturreko ultrak RS Firm Realeko ezker muturreko zaleen bila joan dira, eraso egiteko. Caballeroren hitzetan, "gertatutakoak ez du futbolarekin zerikusirik, kutsu politikoa du guztiz".

Finnegan pubaren jabeak EITB Mediari adierazi dionez, itxura guztien arabera, Lazio eta Realeko jarraitzaile erradikalak elkar jotzeko geldituta zeuden. Lekukoaren esanetan, 30-40 realzale inguru elkartu ziren tabernako terrazan, eta, behin baino gehiagotan horiek kanporatzen saiatu bazen ere, ez zioten kasurik egin. Azaldu duenez, hasieratik ez zitzaion gustatu realzale horien jarrera.

Maitane Urbieta Euskadi Irratiko kazetaria bart istiluak gertatu ziren tokian izan da, eta borrokak utzitako ondorioak bertatik bertara ikusi ahal izan ditu. Irudietan, hautsitako aulkiak, odol arrastoak, RS firm taldeko pegatinak eta pintada antifaxistak ("RSF Firm" edota "Antifa hooligans").

Maitane Urbieta Euskadi Irratiko kazetariak Erromatik erakutsi du nola dagoen gaur istiluak izan ziren lekua
Maitane Urbieta Euskadi Irratiko kazetariak Erromatik erakutsi du nola dagoen gaur istiluak izan ziren lekua
Maitane Urbieta Euskadi Irratiko kazetariak Erromatik erakutsi du nola dagoen gaur istiluak izan ziren lekua

0:34

Sare sozialetan hainbat istiluren hamaika bideo ikus daitezke. Horietako batean, sastatutako jarraitzaile txuri-urdin bat ageri da, zaurituta.

Istilu larriak izan dira Erroman Realaren eta Lazioren zaleen artean
Istilu larriak izan dira Erroman Realaren eta Lazioren zaleen artean
Istilu larriak izan dira Erroman Realaren eta Lazioren zaleen artean

0:43

Gipuzkoako Foru Aldundiaren gaitzespena

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaitzetsi egin ditu bart Erroman izandako "gertakari tamalgarriak". Hedabideetara zabaldutako ohar batean Goizane Alvarez Gipuzkoako kirol diputatuak azaldu duenez, "indarkeriazko portaera horiek gizarte gisa definitzen gaituzte, eta gure adingabeek ikasten dutenaren isla dira". "Gipuzkoak ez du horren parte izan nahi, eta erabat gaitzesten dugu horrelako edozein jarrera", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Kirolak Reala Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Italia Erroma