Gizartea -
ALGECIRAS
Hiru atxilotu, Ayusoren bikotekidearen abokatuaren ordenagailuarekin Marokora pasa nahian ari zirela
Urtarrilaren 12an salaketa jarri zuen Madrilgo Erkidegoko presidentearen bikotekidearen abokatuak, Alacanteko etxean zituen bi ordenagailu, hiru tablet eta bi telefono mugikor ostu zizkiotelako.
AGENTZIAK | EITB Media
Espainiako Guardia Zibilak hiru pertsona atxilotu ditu Algeciraseko portuan, Isabel Diaz Ayusoren bikotekidearen (Alberto Gonzalez Amador) abokatuari ostutako ordenagailuarekin Tangerrera (Maroko) gurutzatzeko ferrya hartzeko zain zeudela, Guardia Zibilak Europa Press albiste agentziari adierazi dionaren arabera.
Atxilotutakoak komisarian daude, epailearen aurretik noiz igaroko zain.
Ikerketako iturriek azaldu dutenez, Gonzalez Amadorren abokatuaren ordenagailua ez ezik, beste hainbat ordenagailu eta gailu elektroniko zeramatzaten.
Alacanteko etxean zituen bi ordenagailu, hiru tablet eta bi telefono mugikor ostu zizkiotela salatu zuen pasa den urtarrilaren 12an Madrilgo Erkidegoko presidentearen bikotekidearen abokatuak.
Egun batzuk lehenago, Gonzalez Amadorren beste abokatuetako batek Toledoko bere etxebizitzan lapurreta egin ziotela salatu zuen. Ikerketako iturrien arabera, ordea, kasu horretan ez zuten gailu elektronikorik ebatsi.
Bi lapurretek zerikusia ote duten ikertzen ari da Espainiako Guardia Zibila.