Gizartea -
Bederatzi zauritu
Realeko bi jarraitzailek ospitalean jarraitzen dute Erroman, Lazioko ultrek eraso egin ostean
Jokin Aperribay Realeko presidenteak azaldu duenez, zale txuri-urdinak ez zeuden Lazioko jarraitzaileak elkartu ohi diren lekuan eta, beraz, "ez dirudi elkar jipoitzeko hitzordua jarri zutenik". Joan Caballero talde ultretan adituak esan duenez, ez da borroka izan, "segada" baizik.
Agentziak | EITB Media
Realaren bederatzi jarraitzaile zauritu dituzte bart Erroman (Italia), Lazio futbol taldearen jarraitzaile ultrek egindako erasoan. Ultras Lazio eskuin muturreko zaleek eraso egin diete zale txuri-urdinei, eta ondoren, istiluak sortu dira erdiguneko kaleetan. Donostiako eta Italiako taldeak Europa Ligako partida dute gaur gauean (21:00etan), eta horren bezperan jazo dira gertaerak.
EFE albiste agentziari poliziak baieztatu dionez, zauritutako sei zale ospitalera eraman dituzte (gainerako hirurek ez dute osasun-zerbitzuek artatzerik nahi izan), eta bik erietxean jarraitzen dute: baten pronostikoa erreserbatua da, eta besteari jakinarazi diote 30 egunen buruan osatuko dela. Gainerakoek sendagiria jaso dute.
Italiako hainbat hedabideren arabera (Italiako La Repubblica egunkaria eta RAI irrati publikoa), Ultras Lazio talde ultraren 80 bat zale (burua estalita eta beltzez jantzita) RS Firm Realeko jarraitzaileak zeuden Finnegan pubean sartu dira eta eraso egin diete. Kalean jarraitu dute istiluek, Koliseotik gertu. Komunikabideon arabera, bederatzi dira zauritutakoak, eta horietako bat larri dago.
Italiako Poliziak hainbat gailu atzeman die zale italiarrei, hala nola labanak, makilak eta arma gisa erabil daitezkeen bestelako tresna batzuk. Agenteek hainbat zale atxilotu dituzte, eta ikerketa abiatu dute erasotzaileak identifikatzeko; kaleko kamerak berrikusiko dituzte horretarako.
Aperribay: "Ez dirudi elkar jipoitzeko hitzordua jarri zutenik"
Jokin Aperribay Realeko presidenteak adierazi duenez, Italiako Poliziaren informazioaren arabera, zale txuri-urdinak "oso lasai zeuden" eta ez zeuden Lazioko jarraitzaileak elkartu ohi diren lekuan, baina "bat-batean, eraso egin zieten, eta piroteknia-bonba eta ke artean aurkitu ziren".
Bi taldeetako zaleen artean finkatutako hitzordua ote zen galdetuta, Jokin Aperribaik esan du Klubak esku artean duen informazioa dela "ez dirudiela elkar jipoitzeko hitzordua jarri zutenik".
Talde txuri-urdineko presidenteak adierazi duenez, "horrelako gertakariak futboletik desagertu behar dira" eta ez dira "zelai barruan, ezta kanpoan ere" gertatu behar. Ospitaleratuta dauden Realeko bi zaleei bisita egin ostean Italiako hiriburuan egindako adierazpenetan, gertakari tragiko horiek partidan eraginik ez izateko itxaropena agertu du Aperribayk.
Talde gipuzkoarreko presidenteak "zauri ezberdinak" dituzten bi zaurituekin hitz egin ahal izan du, eta "lehenbailehen sendatzea" opa die. "Datozen orduetan eta egunetan zaurien bilakaera ikusiko dugu", adierazi du.
Aperribayk azaldu duenez, bi ospitaleratuak "urduri eta kezkatuta" daude, eta zentro ezberdinetan daude. "Medikuak oso atseginak izan dira, bisita orduetatik kanpo joan garelako, eta biekin egoteko aukera eman digutelako", eskertu du. Gainera, Laziorekin "etengabeko komunikazioan" daudela erantsi du, "gertatu dena asko sentitzen dutela".
Bestalde, "segurtasuna kluben esku dagoela pentsatzea oso urrun" joatea dela azpimarratu du, baina "hausnarketa bat" egin behar dela uste du. "Ez naiz erantzukizunik kentzen ari", gaineratu du.
Azpimarratu duenez, gaur "gertakariak argitzen eta Laziorekin eta Italiako Poliziarekin ahalik eta gehien kolaboratzen saiatzea" dagokie, "errudunak aurkitzeko".
Roberto Gualtieri Erromako alkateak Lazioko ultrek Realaren jarraitzaileei egindako erasoa gogor gaitzetsi du, eta gaineratu gertaturikoa "lotsagarria" eta "onartezina" dela.
Alkatearen esanetan, gertaturikoak hiriari eta herritarrei kalte egiten diote. Ildo horretan eta Poliziak ikerketa egin ondotik, espero du erasoaren erantzuleak ahalik eta azkarren identifikatu ahal izatea.
Lazio taldeak gertaturikoa gaitzetsi du eta prest agertu da gertaturikoa argitzeko lanean ari diren Italiako agintariekin kolaboratzeko. Halaber, "neurri gogorrak" ezarriko dituela iragarri du bere taldearen jarraitzaileak istiluetan nahasita egonez gero.
Joan Caballero talde ultretan adituak Radio Euskadin azaldu duenez, Erromakoa ez da borroka izan, "segada" baizik. Hots, Italiako eskuin muturreko ultrak RS Firm Realeko ezker muturreko zaleen bila joan dira, eraso egiteko. Caballeroren hitzetan, "gertatutakoak ez du futbolarekin zerikusirik, kutsu politikoa du guztiz".
Finnegan pubaren jabeak EITB Mediari adierazi dionez, itxura guztien arabera, Lazio eta Realeko jarraitzaile erradikalak elkar jotzeko geldituta zeuden. Lekukoaren esanetan, 30-40 realzale inguru elkartu ziren tabernako terrazan, eta, behin baino gehiagotan horiek kanporatzen saiatu bazen ere, ez zioten kasurik egin. Azaldu duenez, hasieratik ez zitzaion gustatu realzale horien jarrera.
Maitane Urbieta Euskadi Irratiko kazetaria bart istiluak gertatu ziren tokian izan da, eta borrokak utzitako ondorioak bertatik bertara ikusi ahal izan ditu. Irudietan, hautsitako aulkiak, odol arrastoak, RS firm taldeko pegatinak eta pintada antifaxistak ("RSF Firm" edota "Antifa hooligans").
Sare sozialetan hainbat istiluren hamaika bideo ikus daitezke. Horietako batean, sastatutako jarraitzaile txuri-urdin bat ageri da, zaurituta.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren gaitzespena
Gipuzkoako Foru Aldundiak gaitzetsi egin ditu bart Erroman izandako "gertakari tamalgarriak". Hedabideetara zabaldutako ohar batean Goizane Alvarez Gipuzkoako kirol diputatuak azaldu duenez, "indarkeriazko portaera horiek gizarte gisa definitzen gaituzte, eta gure adingabeek ikasten dutenaren isla dira". "Gipuzkoak ez du horren parte izan nahi, eta erabat gaitzesten dugu horrelako edozein jarrera", nabarmendu du.