Gizartea -
OSASUNA
Brainlab laborategia sortu dute, Alboko Esklerosi Amiotrofikoa, parkinsona edo esklerosi anizkoitza ikertzeko
Zentro berria Gurutzetako Ospitalearen Biobizkaia institutuan egongo da aurrerantzean, eta Osasun Sailaren eta BBk Fundazioaren lankidetzaren emaitza da.
EITB Media
Gurutzetako Ospitalean (Barakaldo) dagoen Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutuak nerbio sistemaren gaixotasunak ikertzeko zentro berri bat izango du aurrerantzean: Brainlab laborategia. Eritasun horien artean daude, besteak beste, Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (AEA), parkinsona edo esklerosi anizkoitza.
Laborategia, lankidetza publiko eta pribatuaren arteko ekimena (Jaurlaritza eta BBK Fundazioa), gaur inauguratu dute Alberto Martinez Osasun sailburuak, Xabier Sagredo BBK-ko presidenteak eta Pazienteen Erakundeen Plataformako (POP) eta DaleCandELA elkarteko arduradunek.
Bertan azaldu dutenez, laborategiaren helburua da "ikerketak sustatzea ezagutzaren mugan, nerbio-sistemako gaixotasunetarako soluzioak bilatuz, gaixotasun neurodegeneratiboetan eta bizitza luzatzeak planteatzen dizkigun erronketan oinarrituta, eta pazienteei aplikatzeko prozesua bizkortzeko helburuarekin".
Osasun sailburuaren hitzetan, laborategia gaixoen ekimenera dago zabalik. Hartara, euren beharretan oinarritutako ikerketa jarduera bultzatuta, bertan lortutako emaitzak praktika klinikora azkar eramatea bilatuko dute. Ingurumari horretan, Pazienteen Erakundeen Plataformaren eta, proiektuaren behin betiko bultzatzaile gisa, DalecandELAren zeregina nabarmendu ditu.
Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutuak 400 ikerketa-proiektutan parte hartzen du, gaixotasun neurodegeneratiboetan 120 saiakuntza kliniko baino gehiago eginez.