Gizartea -
EGURALDIA
Alerta laranja ezarri dute iganderako Araban eta Bizkaian, 120 km/h-tik gorako haize boladengatik
Gainera, Eusko Jaurlaritzak abisu horia aktibatuko du larunbatean, 3,5 metroko olatuak espero baitira.
AGENTZIAK | EITB Media
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarriko du igandean, 120 km/h-tik gorako haize boladak espero direlako Araba eta Bizkaiko haizeguneetan.
Haizearen indarra ostiralean ere nabari da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta abisu horia aktibatu dute Bizkaian 100 km/h-tik gorako haize ufadak tarteko. Abisu horia 18:00etatik 09:00etara aurreratu dute, eta larunbat goizera arte egongo da indarrean, 06:00ak arte.
Gainera, abisu horia aktibatuko da Bizkaian 18:00etatik gauerdira arte, 80 km/h-ko haize boladak espero baitira.
Igandean, haizeak are gogorrago joko du, eta 06:00etatik gauerdira arte alerta laranja ezarriko dute Araban eta Bizkaian.
Tarte horretan, Arabako eta Bizkaiko haizeguneetan 120 km/h-ko abiadura hartuko du haizeak. Hala ere, arratsaldetik aurrera, haizeak indarra galduko du.
Haizegune ez diren tokietan, berriz, abisu horia ezarri dute 80 km/h-tik gorako haize boladengatik, bereziki mendebaldean, eta 90-100 km/h-ko ufadak izan daitezke.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak abisu horia aktibatuko du larunbatean, 03:00etatik 15:00etara, 3,5 metroko olatuak espero baitira.