Gizartea -
HERIOTZA
Preso bat hil da Iruñeko kartzelan
Salhaketa Nafarroaren arabera, baliteke "gaindosi" baten ondorioz hil izana, eta ez dela "kasu isolatua" erantsi du.
Agentziak | EITB MEDIA
Salhaketa Nafarroa kolektiboak jakinarazi du pertsona bat hil dela Iruñeko kartzelan. Espetxe Erakundeak guardiako epaitegiaren esku utzi du auzia.
Salhaketak ohar baten bidez adierazi duenez, orain arte jaso dituen datuen arabera, heriotzaren arrazoiak ikertzen ari dira, eta autopsiaren emaitzen zain daude, gertatutakoa argitzeko.
"Baieztapen ofizialik ez badago ere, lehen informazioen arabera, gaindosia izan daiteke", adierazi dute.
Salhaketa Nafarroak adierazi duenez, "gertakari tragiko hau ez da kasu isolatua". Espetxe Zuzendaritzaren Txosten Orokorren datuen arabera, azken hori zenbatuta, 2012 eta 2024 bitartean 10 preso hil dira Iruñeko espetxean. Heriotza horietako lau gaixotasun kardiobaskularrekin lotutako kausa naturalek eragin zituzten, bi presok bere burua hil zuten, bi heriotza zehaztugabeko kausek edo beste kausa batzuek eragin zituzten, eta bi drogen kontsumoak.
Elkarteak gogorarazi du Espetxe Erakundeko Idazkaritza Nagusiak presoen bizitza, osotasuna eta osasuna zaintzeko ardura duela, eta 2021etik Nafarroako Gobernuak bere gain hartu duela Iruñeko kartzelari dagokion osasun eskumena.
Gainera, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren datu ofizialen arabera, Iruñeko espetxean adikzio-arazoak dituzten pertsonen tasa % 50etik gorakoa da gaur egun.