Gizartea -

Emisio Baxuko Eremuak

Frantziako hainbat hirigunetan sartzeko beharrezkoa da dagoeneko eranskailu ekologikoa

Urte hasieratik Crit’Air ziurtagiria eraman behar dute Frantzian nahiz atzerrian matrikulatutako ibilgailuek hirigune handietako Emisio Baxuko Eremuetan sartzeko. Zirkulazio-baimenaren arabera, koloretan sailkatuta daude bereizgarriak. Iparraldean apirilean sartuko da indarrean.

Emisio Baxuko Eremu bat hasten dela iragartzen duten seinaleak, Frantzian.
Emisio Baxuko Eremu bat hasten dela iragartzen duten seinaleak, Frantzian.
Emisio Baxuko Eremu bat hasten dela iragartzen duten seinaleak, Frantzian.

Olatz Prat | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zenbait herrialdek egin bezala, Frantziako Estatuan ere gero eta estuagoak dira mugak gehien kutsatzen duten autoentzat. Hala, 2025eko urtarrilaren 1etik derrigorrezkoa da Crit'Air eranskailua Frantziako Estatuko hiri handi askotan, Emisio Baxuko Eremuetan (ZFE-m) sartzeko.

Zehazki 150.000 biztanletik gorako hiri edo hiriguneak behartuta daude Emisio Baxuko Eremuak ezartzera, eta horietan dagoeneko debekatuta dute sartzea 1997a baino lehen matrikulatutako autoek, espresuki emandako baimenik ez badute behintzat. Aix-Marseilla, Clermont-Ferrand, Estrasburgo, Grenoble, Lyon, Montpellier, Niza, Paris, Reims, Rouen, Saint-Étienne eta Tolosako hiriguneak dira gaur-gaurkoz arau honen mende daudenak.

Dena den, Euskal Herriko Hirigune Elkargoa ere Emisio Baxuko Eremua zehazteko prozesuan dago, eta, ondo bidean, 2025eko apirilaren 1ean indarrean sartuko da Euskal Herriko ZFE-m eremua. Kostaldeko 11 udalerri (kutsadura atmosferikoaren eragin handiena duen sektorea) hartuko lituzke barne: Hendaia, Urruña, Ziburu, Donibane Lohizune, Getaria, Bidarte, Miarritze, Angelu, Baiona, Bokale eta Tarnose (A-63 errepidetik itsasora arte dagoen tarte osoan). Eremu horretan sartzeko baimenik ez dute edukiko Crit'Air 5 eranskalua (grisa) daramaten ibilgailuek.

Neurriak, Frantzian matrikulatutako ibilgailuei ez ezik, Frantziaz kanpoko ibilgailuei ere eragiten die, eta, beraz, ziurtagiria eraman beharko dute eremu horietan sartu nahi duten atzerriko ibilgailuek ere. Motordun ibilgailu guztiek eraman beharko dute eranskailua, auto, bi gurpileko ibilgailu, triziklo edo kuatriziklo, merkataritza-ibilgailu arin edo astun zein autobusa izan.  

Eranskailu ofizialek Crit'Air hitza daramate goialdean, eremu ekologikoak bereizteko erabiltzen dena eremuetako sarrera-irteera puntuetan, esaterako. Ibilgailuan, bestelako derrigorrezko eranskailuen gisan, bistan eraman beharko da, Poliziak argi ikusteko tokian. Arauarekin batera doaz, nola ez, hura betetzen ez dutenentzako isunak ere.  

Sei kategoria, koloreka

Sei kategoriatako eranskailuak daude Frantzian, kutsatze-mailaren arabera koloreka sailkatuta. Zirkulazio-baimenaren arabera ematen zaio kategoria bat edo beste auto bakoitzari.

Auto ekologikoenek bereizgarri berdea daramate, baina, gaur egun, ibilgailu elektrikoek baino ezin dezakete lortu bereizgarri hori.

Erregaiarekin dabiltzan ibilgailuetan 'garbienak' direnek eranskailu morea izango dute, 1 zenbakiduna, eta zenbat eta kutsatze maila handiagoa, zenbaki altuagoa duen eranskailua eramango dute: 2 (horia), 3 (laranja),  4 (gorri-morea) edo 5 (grisa).  

1997a baino lehen matrikulatutako autoek eta 2000. urtea baino lehen matrikulatutako motozikletek ez dute bereizgarririk lortzeko modurik izango, eta, beraz, debekatuta izango dute gune horietan sartzea.

Hala ere, komeni da jakitea Emisio Baxuko Eremu bakoitzak bere arauak dituela. Baliteke zenbait tokitan zenbaki jakin batetik gorako bereizgarria duten ibilgailuek baimenik ez edukitzea, ordutegi-mugak indarrean egotea edo urtean aldi jakin batzuetan sartzeko baimena baino ez izatea, esaterako. Tokian tokiko neurriak hemen kontsulta daitezke. 

Nola eskatu Crit'Air eranskailua?

Frantziako Estatuko nahiz atzerriko ibilgailuetarako bereizgarria Internetez eskura daiteke, helbide honetan (helbide ofizial bakarra). Autoaren datuak bete eta bertan jarritako helbidean jaso ahal izango da eranskailua, 5 euro baino gutxiago ordainduta (bidalketa gastuak barne).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken orduko albisteak Frantzia berriak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Albisteak Ingurumena Frantziako Gobernua gaur Kutsadura gaur