Gizartea -
DENBORALEA
Alerta laranja haizeagatik Araban eta Bizkaian
Gipuzkoan, abisua horia izango da, eta Nafarroan eta Iparraldean abisu horiak eta laranjak tartekatuko dira, zonaldearen eta orduaren arabera. Araban eta Bizkaian eskola-kirola bertan behera geratu da.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du igande honetarako Araban eta Bizkaian, 120 km/h-tik gorako haize boladak espero direlako. 06:00etatik gauerdira arte egongo da indarrean alerta laranja, baina, arratsaldetik aurrera, haizeak indarra galduko duela espero dute. Gipuzkoan abisua horia izango da lurralde osoan 06:00etatik gauerdira.
Ipar Euskal Herrian, France Meteok haizeari dagokion abisu horia aktibatuko du igandeko 08:00etan, eta 10:00etan alerta laranja bihurtuko da, haizeguneetan eta erdi-mailako mendietan 110-120 km/h-ko haize-boladak espero baitira. Halaber, France Meteok ohartarazi du haize-boladak 150 km/h-ra irits daitezkeela mendi garai eta haizetsuenetan.
Nafarroan ere haize-abisuak izango dira. Nafarroako Pirinioetan abisua horia izango da igandeko 06:00etatik asteleheneko 05:00etara, 80-90 km/h-ko boladak espero baitira. Nafarroako isurialde atlantikoan abisu horia indarrean egongo da igandeko 09:00etan, 80 km/h-ko boladengatik. Hala ere, haizeak gero eta gogorrago joko du orduek aurrera egin ahala, eta 16:00etan abisua laranja bihurtuko da gauerdira arte, 100 km/h-ko ufadak izan baitaitezke. Ondoren, abisua kolore horira itzuliko da asteleheneko 05:00ak arte.
Astelehenera begira
Igande gauerdian, abisua hori bihurtuko da, eta Euskal Autonomia Erkidego osora zabalduko da asteleheneko 06:00ak arte, hego-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi baitezakete haizeguneetan; haizeguneak ez diren lekuetan, berriz, 80 km/h-tik gorako haize-boladak espero dira, bereziki mendebaldean, 90-100 km/h-koak izan baitaitezke goizean eta gauean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Gainera, astelehenean, abisua itsasora ere zabalduko da; izan ere, Euskalmetek abisu horia aktibatuko du itsasoan nabigatzeko arriskuagatik, lehen bi milietan, 06:00etatik aurrera eta egun osorako. Olatuen altuera adierazgarria 3,5 m-tik gorakoa izan daiteke goizean, eta 4-5 m-koa gainerako orduetan. Mendebaldeko haizea 3-4ko indarrarekin ibiliko da, 5 indarreko tarteekin arratsalde-gau partean. Itsaskirria edo itsaskia izango da, arratsalde-gauean itsaski handiko guneekin.
Eskola kirola bertan behera Araban eta Bizkaian
Horregatik guztiagatik, Arabako eta Bizkaiko Aldundiek bertan behera utzi dituzte iganderako aurreikusita zeuden aire zabaleko eskoletako kirol jarduerak.
Kanpoko jarduerak bertan behera geratu dira igandeko 06:00etatik 24:00etara.
Prebentzio arrazoiengatik hartu dute erabaki hori, parte-hartzaileen segurtasuna lehenesteko eta egun horretarako aurreikusitako baldintza klimatologikoak kontuan hartuta.
Lehiaketei, entrenamenduei eta aire librean egiten den eskola-kirolarekin lotutako edozein ekitaldiri eragiten dio etenaldiak. Bizkaiko Foru Aldunditik adierazi dutenez, datozen egunetan jakinaraziko dute bertan beherea utzitako jarduerak noizko programatuko dituzten.
Halaber, antolatzaileei eta familiei eskatu diete eguneratze ofizialen zain egoteko, informazio gehiago jaso edo etorkizuneko datak baieztatzeko.
Bestalde, barrualdean egiten diren kirol ekitaldiak ez dituzte bertan behera utzi.