Gizartea -
ETXEBIZITZAK
Martuteneko espetxearen lursailak babes ofizialeko etxeak eraikitzeko emango ditu Espainiako Gobernuak
Alokairura bideratutako 400 etxebizitza egitea da asmoa, erdiak 35 urtetik beherakoentzat izateko. Lanak legegintzaldi honetan hastea aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak.
EITB MEDIA
Larunbat honetan jakin da Espainiako Gobernuak Martuteneko espetxearen lursailak babes ofizialeko etxeak eraikitzeko emango dituela. Iragarpenaren arabera, alokairura bideratutako babes ofizialeko 400 bat etxebizitza eraikitzea aurreikusten da lursail horietan.
Etxebizitza horien erdiak, 200 inguru, 35 urtetik beherakoentzat izatea da asmoa, Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak EITBrik aurreratu dionez.
Martuteneko espetxeko presoak Zubietako kartzela berrira mugitzen dituztenean aldatuko da lursailaren jabegoa. 2021eko maiatzean hasi ziren Donostian, Eskuzaitzetako muinoan, dagoen espetxe berriko obrak eta 2025 honen hasieran jartzea martxan aurreikusten da, ia bi urteko atzerapenaren ondoren.
Espainiako Gobernuak, azkenean, doan emango dizkio lursail hauek Jaurlaritzari eta, lehenengo aldiz, etxebizitza babestu hauen finantzazioan ere parte hartuko luke.
Donostian etxebizitzaren egoera nola dagoen ikusita, 400 etxebitza hauek eraikitzea "albiste pozgarria" dela adierazi du Eneko Goia alkateak eta Udalaren "laguntza guztia" izango duela proiektuak.
Itxaso sailburuak jakitera eman duenez, eraikuntza lanak legegintzaldi honetan abiatzea aurreikusten dute erakundeek.