Gizartea -
Lazio-Reala ikerketa
Lazioko ultra bat atxilotu dute eta lau aske daude, karguekin, Realeko zaleak hiltzen saiatzea leporatuta
Italiako Polizia aurrera doa Realaren jarraitzaileei eraso zieten ultren inguruko ikerketetan. Bi taldeek hilaren 22an Erroman jokatu zuten partidaren atarian bederatzi zale txuri-urdin zauritu zitutenÇ; horietako bik larri jarraitzen dute, Erroman ospitaleratuta.
EITB Media
Italiako Poliziak Lazioko bost zale ultra atxilotu ditu hilketa saiakera egotzita, ostegunean Erroman bi taldeek jokatu zuten partidaren bezperan Realeko jarraitzaile talde bati egindako erasoagatik. Erromako pub batean zerbait hartzen ari ziren Realeko zale talde baten aurkako erasoan parte hartu zuten 20 eta 30 urte bitarteko bost gizon dira. Eraso horretan bederatzi realzale zauritu ziren, eta horietako bik Erroman jarraitzen dute ospitaleratuta.
Ultretako bat atxilotuta dago, Poliziak susmo garbiak baititu pentsatzeko erasoan parte hartu zuela. Beste laurak karguekin aske utzi dituzte, hilketa saiakera eta lesioak egotzita.
Hilaren 22ko arratsalde-gauetik, Erromako Polizia Buruzagitzako Ikerketa Orokorren eta Operazio Berezien Dibisioa (DIGOS, italierazko sigletatik) zorrotz ikertzen ari da erasoarekin zerikusia izan dezakeen oro. Poliziak ohar baten bidez jakinarazi duenez, ikertzaileek "susmagarrien inguruko koadro zirkunstantzial garrantzitsua" marraztu dute dagoeneko, ohiko ikerketa-jarduerez gain, hiriko bideo-zaintza sistemetatik hartutako eta inguruko bizilagunek grabatutako irudien azterketa zehatza eginez.
"Xehetasun txikienak ere" funtsezko izan dira agenteek bost akusatuen posizioa zehaztu ahal izateko, hala nola, susmagarriek zeramatzaten arropetan aurkitutako odol-arrastoak -bideozaintzako irudietan ere ageri direnak-, edo bideo horietan bertan lortutako dokumentu-frogak, atxilotuaren kasuan, indarkeriaren fase bizietan arma erasotzaile gisa erabil daitekeen objektu bat eskutan duela ikusten baita hura.
Gogoratu behar da Poliziak material sendo ugari aurkitu eta konfiskatu zuela, istiluak gertatu eta berehala, gertakariak izandako inguruan, hala nola egurrezko makilak edo elementu metalikoak, bai eta ordena publikoaren eta segurtasunaren aurkako istiluetan erabili ohi diren beste objektu batzuk ere.
Gainera, konfiskatutako materialaren izaera kontuan hartuta, DIGOS taldea jarraitutasun-perspektiba batekin ari da kasua ikertzen; izan ere, eraso honen ostean konfiskatutako materialak antz handia du urtarrilaren 5ean Erroman jokatutako derbiaren egunean, Lazioko jarraitzaileen topaleku nabarmena den Piazzale di Ponte Milvion eta ondoko ondoko kaleetan aurkitu zituztenekin.