Gizartea -

HAIZE DENBORALEA

Ia 200 gorabehera eta 160 km/h-ko haize ufadak Euskadin, Herminia denboraleak eraginda

Iluntzera arte, 190 gertakari jazo dira: 7 Araban, 123 Bizkaian eta 60 Gipuzkoan; gehienak, haize-boladek eragindakoak. Adarrak, zuhaitzak eta objektuak erori dira errepideetara.

Getxo. Argazkia: EFE
Getxo. Argazkia: EFE
Herminia borraskak 160 km/h-tik gorako haize-ufadak eragin ditu Bizkaian

0:30

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alerta laranja dago ezarria gaur Bizkaian eta Araban goizeko seietatik gauerdira arte, haizeagatik. Ondorioak nabariak izan dira. 18:00ak bitartean 190 gertakari jazo dira: 7 Araban, 123 Bizkaian eta 60 Gipuzkoan.

Hala, haizeak pinu bat bota du errepidera Kadaguako korridorean, Bilbo enkarterriekin lotzen duen bidean, eta errepidea itxi dute. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Zallako Bolunburu kalean itxi dute bidea, zuhaitza kentzeko lanean ari ziren bitartean. 10:45era zirkulazioa bere onera itzuli da.

Haizeak botatako zuhaitz bat, errepidean. Argazkia: Bizkaiko Suhiltzaileak

Haizeak botatako zuhaitz bat, errepidean. Argazkia: Bizkaiko Suhiltzaileak

Andoanien, berriz, GI-3091 errepidea, Leizaranekin lotzen duena, itxi egin dute haizeak eragindako arazoengatik; eta A-15ean trafikoa eten dute Berastegin, Iruñeko noranzkoan, tunel bateko semaforoa erortzeko arriskuan zegoelako, baina jada konpondu dute arazoa.

Ordubetez egon da itxita Mallabia eta Ondarroa lotzen dituen BI-633 errepidea ere, zuhaitz bat erori delako. 14:20 aldera bere onera itzuli da zirkulazioa.

Loiun eragina

Aireko garraioari dagokionez, Loiuko aireportuan zazpi hegaldi desbideratu dituzte eta 8 bertan behera geratu dira.

13:00ak arte, Madrildik zetozen bi hegazkin desbideratu dituzte, eta Bizkaiko hiriburura zihoazen bi bertan behera geratu dira. Palmatik, Malagatik, Munichetik eta Bruselatik zetozen hegazkinak Gasteizen lurreratu dira.

Irteerei dagokienez, Madrilerako hiru hegaldi eta Pariserako, Municherako eta Malagarako hegaldiak bertan behera geratu dira Bilbon.

Bestalde, Bartzelonatik zetorren hegazkin bat Kataluniako hiriburura itzuli behar izan da, ezin izan duelako lur hartu.

Hegazkinek komeriak izan dituzte gaur Loiuko aireportuan lurreratzeko, Herminia borraskaren ondorioz
Hegazkinek komeriak izan dituzte gaur Loiuko aireportuan lurreratzeko, Herminia borraskaren ondorioz
Hegazkinek komeriak izan dituzte gaur Loiuko aireportuan lurreratzeko, Herminia borraskaren ondorioz

0:44

Gasteizek aurrelarrialdi fasea ezarri du

Gasteizko Udalak Larrialdi Planaren aurrelarrialdi fasea jarriko du martxan haizeagatik. 18:00etan sartu da indarrean alerta laranja Bizkaiko eta Arabako mendebaldeko eremu ez haizetsuetan.

Udalak herritarrei eskatu die parke publikoetara joan ez daitezen, leihoak eta toldoak itxi ditzaten, eta kalera eror daitezkeen lorontziak eta bestelakoak kendu ditzaten.

Errepideko joan-etorriak ere ahal den neurria mugatzea eskatu du.

160,9 km/h-ko haize ufadak Urduñan

Euskalmetek dagoeneko eman ditu orain arte neurtutako haize ufada gogorrenen datuak. Urduñan 160,9 km/h-ko ufada bat neurtu dute 08:10 aldera, orain arteko gogorrena.

Beste lau estaziotan ere izan da 120 km/h-tik gorako haizea: Oizen (123,8), Zugaztietan (127,7), Matxitxakon (131) eta Garbean (139).

Araban, Saratxon soilik neurtu dituzte 100 km/h abiaduratik gorako haize-ufadak, 103 km/h artekoak, hain zuzen ere.

10 gorabeheraren berri eman dute Nafarroan

Bestalde, 10 gorabehera zenbatu dira Nafarroako errepide sarean, galtzadara adarrak erortzeagatik, gehienak. Bidasoa eskualdean eta Baztan bailaran izan dira gertakari gehien.

Depresioak asteartera arte astinduko du Euskadi

Haize zakarra izango da nagusi gurean, gutxienez asteartera arte. Orduko 100 kilometrotik gorako ufadak espero dira datozen egunetarako ere, eta 5 metro inguruko olatuak.

Asteleheneko 00:00tik 06:00etara abisu horia egongo da indarrean, haizea dela eta. Hego-ekialdetik joko dute haize-boladek, eta toki haizetsuetan 100 km/h-ra helduko dira (80 km/h-ra, haizeak hain bortitz jotzen ez duen lekuetan).

Nabigaziorako arriskuagatik ere abisu horia ezarriko dute, 06:00etatik 14:00etara, eta isatsaldeko arriskuagatik 14:00etatik 17:00etara, 4,5 metroko olatuak egongo baitira. Mareagora 15:29an izango da.

Astearteko abisuak

Asteartean, urtarrilaren 28an, abisupean egongo da ostera ere Euskadi, nabigaziorako arriskuagatik, 00:00 eta 24:00 bitartean. 5 metrorainoko olatuak egon litezke.

Itsasaldeko arriskuak ere abisua ekarriko du, 02:00etatik 06:00etara, eta 15:00etatik 17:00etara. Eguneko lehen itsasgora 03:45ean izango da, eta bigarrena, 16:10ean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Loiuko Aireportuko Azken Ordukoak Zer gertatu da Bizkaian? Denboraleak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak