Gizartea -

Abiadura Handiko Trena

'Arabako Haranak Trenaren Alde' plataformak AHTren trazaduratik "haratago" doazen desjabetzeak salatu ditu

Ribabellosan bilduta, AHTaren proiektua gelditzeko eskatu dute. Salatu dutenez, erakundeek entzungor egin diote helarazi zieten "konponbide erreal eta teknikoki bideragarriaren" proposamenari, "trafiko mistorako eta abiadura handirako tren publiko eta sozial" baten proiktua jasotzen duena.

Elkarretaratzea "Trenari bai, AHT-rik ez" lelopean. Argazkia: Araba Bizirik.
Elkarretaratzea "Trenari bai, AHT-rik ez" lelopean. Argazkia: Araba Bizirik.
Elkarretaratzea "Trenari bai, AHT-rik ez" lelopean. Argazkia: Araba Bizirik.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Arabako Haranak Trenaren Alde' plataformak elkarretaratzea egin du beste urtez batez Ribabellosako Boilurraren azokan, Araban, Abiadura Handiko Trena eraikitzeko desjabetzeak diseinatutako "trazaduratik harago" joaten ari direla salatzeko.

"Desjabetzeak eta Abiadura Handiko proiektua geldiaraztea" eskatu dute kontzentrazioan, eta "tren sozial baten aldeko alternatiba" aztertzea, "herritik sortutako proposamen bat, adostasun handiagoa eta lurraldearen kohesio handiagoa ahalbidetzen duena, biztanleen eta inguruaren beharretara hobeto egokitzeaz gain".

Plataformatik gogorarazi dutenez, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiari eta Eusko Jaurlaritzako, Espainiako Gobernuko eta Europako Gobernuko gainerako arduradunei proposamen alternatibo bat aurkeztu zieten, "trafiko mistorako eta abiadura handirako tren publiko eta sozial baten proposamena, bidaiarien eta salgaien trenen edukiera eta maiztasuna handituko lukeena, egungo trenbideen egokitzapenean eta hobekuntzan oinarrituta".

Azpimarratu dutenez, "eragindako kontzejuen beharrei erantzuten die, 1.000 milioi euroko kostu ekonomikoarekin, Garraio Ministerioak bere proposamen suntsitzailearen 1.500 milioi euroa kostua baino txikiagoa, eta bidai denborak ez lirateke 10 minutu baino gehiago handituko".

Egun mahai gainean dagoen proiektuaren eta plataformak aurkeztutakoarn artean dagoenaren kostu alde horrek dakarren aurrezpena "zazpi ospitale orokor eraikitzearen parekoa" dela azaldu dute, eta, "baliabide horiekin guztiak arreta bizkorragoa ematera bideratu" beharko liratekela azpimarratu ostean, plataformak defendatu duenez 'tren soziala' egiteko proposamenarekin "azpiegitura berri eta moderno bakarra izango luke lurraldeak mota guztietako trenentzat, alternatibaren aurrezpena areagotuz".

Ildo horretan, zehaztu duenez, "trenbide bakar baten mantenua eskatuko luke, Garraio Ministerioaren proposamenaren aurrean, non bi aukera dauden: bata bestearekiko paraleloak diren bi trenbidetan mantentze-lanak egitea (AHTaren kilometro bakoitzaren mantenu-kostua 534.000 eurokoa da urtean), diru publikoa gehiago xahutuz, edo ohiko linea hiltzen uztea, horrek ematen dienean zerbitzua herriei eta horrek egituratu lurraldea".

Plataformak kritikatu duenez, erakundeetako arduradunek "ez dute planteatu dugun irtenbide erreala eta teknikoki bideragarria dena aztertu ere egin, eta, horregatik ari gara gaur trazaduratik harago doazen desjabetzeez hizketan". 

Ohartarazi dutenez, Adifek "harrobiak egiteko asmoa du, inolako izapiderik eta ingurumen-kontrolik igaro gabe, obraren kostuak merkatuz lurraldean bizi diren pertsonen kontura, ondarearen galera handituz, izan ere, herri horien landa-ingurunearen pertzepzioa aldatzeko bezain garrantzitsua da eragingo duen ingurune-inpaktua, nekazaritzarako balio handia duten lurzoruaren galera areagotuz".

"Erabaki politiko bat hartu dute, Arabako Haranak sakrifikatzea. Gaur desjabetzeengatik eta AHTren eraginagatik gaude hemen, baina bihar gaizki deituriko berriztagarrien hedapenagatik egongo gara", ohartarazi dute, Ramiro Gonzalezi leporatu, "Arabako landa-ingurunea suntsitzen" aritzea. 

"Arabako Ibarrak banatu dituzte, gure ingurua zatituz eraikuntza-enpresa handien eta, orain, baita energetikoen interesak lehenetsiz, hemen bizi garen pertsonengandik sortutako proposamen eta alternatibei entzungor eginez, eta herrietako bizitza arriskuan jarriz", salatu dute plataformatik. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Abiadura Handiko Trena Manifestazioak Arabako Foru Aldundia