Gizartea -
HAIZE DENBORALEA
Abisu horiekin, haize bortitzarekin eta 5 metroko olatuekin hasiko da astea, denboralearen eraginez
Haizea pitin bat baretuko da, eta euriak bustiko du eguna. Asteartean, berriz, hoztera egingo du aroak, eta elur-kota dezente jaitsiko da (1.000 metro ingururaino).
eitb media
Haize zakarra izango da nagusi Euskal Herrian, gutxienez asteartera arte. Orduko 100 kilometrotik gorako ufadak etorriko omen dira datozen orduetan ere, eta 5 metro inguruko olatuak.
Asteleheneko 00:00tik 06:00etara abisu horia egon da indarrean, haizea dela eta. Hego-ekialdetik joko dute haize-boladek gaurkoan, eta toki haizetsuetan 100 km/h-ra helduko dira (80 km/h-ra, haizeak hain bortitz jotzen ez duen lekuetan).
Atzo eta goizaldean ufada gogorrak neurtu dira, EITB Mediaren meteorologia zerbitzuak bildutako datuen arabera. Igandean jo zuten goia, 175 km/h-ko bolada erregistratu baitzuten Cerrojan (Karrantza, Bizkaia), eta 160 km/h-tik gorakoa, Urduñan. Hain justu, Bizkaiko hirian neurtu dute gaurko ufadarik bortzitzena: 131 km/h-koa.
Nabigaziorako arriskuagatik ere abisu horia ezarriko dute, 06:00etatik 14:00etara, eta isatsaldeko arriskuagatik, 14:00etatik 17:00etara, 4,5 metroko olatuak egongo baitira. Mareagora 15:29an izango da.
Horrez gain, Donostiako Babes Zibilak alerta laranja ezarri du, olatuak direla eta, eta hainbat neurri hartuko dituzte hirian, gaur eta bihar: oinezkoak eta ibilgailuak ezin izango dira Pasealeku Berrira sartu, eta Leizaola Pasealekura eta Haizearen Orrazira sartzea ere debekatuta egongo da.
Asteartean abisupean egongo da ostera ere Euskadi, nabigaziorako arriskuagatik, 00:00 eta 24:00 bitartean. 5 metrorainoko olatuak egon litezke.
Itsasaldeko arriskuak ere abisua ekarriko du, 02:00etatik 06:00etara, eta 15:00etatik 17:00etara. Eguneko lehen itsasgora 03:45ean izango da, eta bigarrena, 16:10ean.
Giroa nabarmen hoztuko da, gainera. Eguneko tenperaturak, batez ere, asko jaitsiko dira, baita elur-kota ere; tarteka, 1.000 metro ingururaino.
Zerua estalita egongo da, eta euria ere egingo du, bereziki eguerditik aurrera eta kostaldean. Ekaitzak ere joko du zenbait lekutan. Tenperatura minimoak asko jaitsiko dira, eta hotza izango da eguratsa, barnealdean gehien bat.
160,9 km/h haize-ufadak, Urduñan
Igandean Urduñan neurtu zituen Euskalmetek eguneko haize-ufada gogorrenak: 160,9 km/h-koak, hain zuzen ere.
Beste lau estaziotan ere izan zen 120 km/h-tik gorako haizea: Oizen (123,8), Zugaztietan (127,7), Matxitxakon (131) eta Garbean (139).
200 gorabehera inguru eragin zituen haizeak.