Gizartea -
EHU
Bengoetxeak EHUren errektore kargua hartu du, eta post-egiaren aurka borroka egiteko konpromisoa adierazi du
Ajuria Enean egindako ekitaldian, "ebidentzia zientifikoen aurkako adierazpenen" aurrean unibertsitatea euste-horma izateko konpromisoa hartu du. Ikasleen eta irakasleen ongizatea ere jarri ditu ardatz, "gure etxe akademikoaren zutabeak" sendotzeko.
MANU GIMENEZ URKIOLA | EITB MEDIA
Joxerra Bengoetxeak EHUren errektore karguaren zina egin du gaur, Ajuria Enean egindako ekitaldi batean. "Pozez beterik, ohorez eta errespetu handiz" hartu du kargua, Imanol Pradales lehendakariaren eta hezkuntza komunitateko zenbait ordezkariren aurrean.
Helsinkiko Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuenak eskerrak eman dizkio aurreko errektoreari, Eva Ferreirari, eta haren lantaldeari kargua eskuz aldatzeko prozesuan laguntzeagatik.
Bengoetxeak "askatasun akademikoaren eta izpiritu kritikoaren" aldeko aldarria egin du, eta gogor jo du "post-egia" delakoaren aurka, "ebidentzia zientifikoak ukatzen dituzten adierazpenak" ugaritzen ari direlako. Hala, unibertsitatea horren aurkako "euste-horma" izango dela hitzeman du.
EHUren "nortasunaren ezaugarriak" azpimarratu ditu, tartean zenbait kanpus edukitzea, "inor atzean ez uzteko" sarrera parekidearen alde egitea, euskalduna eta unibertsala izatea, eta "mundura irekita" egotea.
Errektoreak euskaraz ikastearen eta ikertzearen aldeko apustua berretsi du, eta Euskal Herriko gainerako unibertsitateek (Deustu, Mondragon, Euneiz eta Nafarroako Unibertsitatea) "gurea bezain jarrera ireki, irmo eta eskuzabala" izatea eta EAEko erakundeek EHUren aldeko "apustu sendoa" egiten jarraituko dutela espero duela azaldu du.
"Jakintza eman eta zabaltzen" jarraitzeko konpromisoari eutsiz eman dio hitza lehendakariari.
Pradalesek EHUren maila goraipatu du, eta esan du hori ez duela "berezkoa", "etengabeko lanaren, inkonformismoaren eta emaitza onak lortzeko ahaleginaren" emaitza baita.
Zentzu horretan, gaineratu du Jaurlaritzak unibertsitateari "baliabide onenak" eman behar dizkiola, eta trukean "autoexigentzia eta anbizioa" eskatu dizkio EHUren komunitateari, "onak garen horretan onenen artean izan gaitezen".
Hauteskundeetako emaitzak
Bengoetxeak bozen % 63,6 lortu zituen 2024ko azaroaren 26ko hauteskundeetan; Eva Ferreirak, berriz, botoen % 36,3 eskuratu zituen.
Parte-hartzeak gora egin zuen unibertsitateko sektore guztietan, eta hautestontzietara deitutako 50.590 pertsonatik 11.081ek eman zuten botoa; horietatik 2.870ek, Ferreirari eta 7.599k, Bengoetxeari. 530 boto zuri eta 82 baliogabe izan ziren.