Gizartea -
Garraio publikoa
Arabako Aldundiak martxoaren 31ra arte luzatuko ditu Alavabusen eta eskualdeko garraioaren deskontuak
Jon Nogales Mugikortasuneko diputatuak azaldu duenez, "beherapenek orain arte bezala jarraituko dute egoera argitzen den bitartean"; hau da, % 50eko deskontua BAT txartel anonimoekin eta % 62 eta % 72 artekoa BAT pertsonalizatuarekin.
EITB Media
Arabako Foru Aldundiak martxoaren 31ra arte mantenduko ditu Alavabusen eta eskualdeko garraioan txartel arruntaren gaineko aparteko deskontuak.
Ordura arte, erabiltzaileek % 50eko deskontua izango dute garraio-txartel anonimoekin eta, hilean egindako bidaien arabera, % 62 eta % 72 artekoa BAT pertsonalizatuarekin.
Foru Gobernuaren Kontseiluak asteartean onartuko du deskontuen luzapena. Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuaren arabera, "garraio publikoaren erabilera sustatzea" da neurri horien helburua.
Nogalesek Kongresuan deskontu hauek luzatzeko dekretua atzera bota zuten talde politikoen "arduragabekeria" salatu du. Luzapenak "bermatu egingo ditu" dekretuko hobariak Espainiako Gobernua "neurria onartzeko formulak bilatzen ari den bitartean", esan du.
Foru diputatuak azpimarratu du mugikortasunaren arloan Foru Aldundiak jarraitzen duten ildo estrategikoarekin bat datozela hobariak, "garraiobide kolektiboek mugikortasunean gehiago parte hartzea, ibilgailu partikularra gutxiago erabiltzea eta energia kontsumoa eta emisioak murriztea" helburu baitute.
Prezio igoera
Bestalde, Arabako Foru Aldundiak txartel arruntaren prezioa eguneratuko du otsailaren 1etik aurrera (garraio-txartelik gabekoa) Araba Erdialdeko, Aiaraldeko, Arabako Errioxako eta Miranda/Gasteiz/Durangoko ibilbideetan (% 0,62ko igoera) eta Bilbo-Logroño ibilbide luzeko linean (% 3,05eko igoera).