Gizartea -
Garraio publikoa
12 urtetik beherakoek doan bidaiatu ahal izango dute Gipuzkoan, garraio publikoan, ostegunetik aurrera
Doan bidaiatzeko, ezinbestekoa izango da erabiltzaileek Mugi txartel pertsonalizatua izatea. Donostian, otsailaren 5ean hasiko dira neurria aplikatzen, arrazoi teknikoak direla eta.
AGENTZIAK| EITB MEDIA
Gipuzkoan, 12 urtetik beherakoek garraio publikoan doan bidaiatu ahal izango dute ostegun honetatik aurrera (urtarrilak 30), Azahara Dominguez Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako presidenteorde eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak astelehen honetan iragarri duenez. Azaldu duenez, Mugi sistemako operadoreek "adingabeen doakotasuna ahalik eta lasterren errealitate bihurtzeko" lan egin dute azken asteetan.
"Albiste bikaina da, familia askorentzat aurrezpen garrantzitsua izateaz gain, txikitatik mugikortasun ohitura jasangarriak ezartzeko aukera ematen baitu", nabarmendu du Dominguezek, eta gogorarazi du, "egiturazko neurria" dela.
Nolanahi ere, Donostian, otsailaren 5ean hasiko dira aplikatzen, arrazoi teknikoak direla eta.
Bestalde, % 50eko deskontuei dagokienez, GGLAren presidenteordeak "lasaitasun" mezua zabaldu nahi izan du berriro. "Garraio publikoan % 50eko deskontuak izaten jarraituko dugu, GGLAk abenduan egindako batzarrean hitzeman genuen bezala. Bitartean, beste administrazioekin koordinatuta jarraitzen dugu, deskontuak mantendu ahal izateko", adierazi du.
Doakotasunaz baliatzeko, ezinbestekoa da erabiltzaileek Mugi txartel pertsonalizatua izatea. Mugi Gaztea G txartela ("gazte" ere deitua) duten adingabeek ez dute gehiagorik egin beharko. "Ez da txartel berririk behar, gaur egun 25 urtetik beherakoek erabiltzen duten txartela da", zehaztu dute.
Mugi pertsonalizaturik ez duten 12 urtetik beherakoek soilik eskatu beharko dute Mugi txartela doan bidaiatzeko. Eskaera telematikoki edo aurrez aurre egin daiteke, baina online egitea gomendatzen da.
Lehen asteak "trantsiziokoak" izango dira
Trantsizioko lehen aste hauetan, Lurraldebusen sartzen diren adingabeek "gazte" txartela erakutsi beharko diote gidariari, eta horrek paperezko txartela emango die. Irun, Errenteria, Eibar, Zarautz, Arrasate, Hernani, Tolosa, Lasarte-Oria, Oiartzun eta Oñatiko hiri autobusetan bidaiatzeko ere prozedura bera izango da.
DBuseko autobusetan otsailaren 5etik aurrera egongo da sistema prest, eta, beraz, egun horretatik aurrera erabiltzaileek autobusera sartzean beren txartela normaltasunez baliozkotu beharko dute. Ordura arte, Dbusek adierazitako prozedura jarraitu beharko dute.
Euskotrenen, erabiltzaileek sarrera- eta irteera-tornuetan balioztatu behar dute txartela, ohiko moduan; Renfe Aldirietan, berriz, automatikoki funtzionatuko du, eta erabiltzaileek txartela baliozkotu besterik ez dute egin behar.
Azkenik, Pasaiako txalupa motordunean "gazte" txartela erakutsiko da sartzean, eta erabiltzaileari paperezko txartel bat emango zaio, doan.