Gizartea -

NAFARROA

2 urte eta 9 hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote Lizarran bi haur hil zituen autobus gidariari

Epailearen arabera, La Estellesako gidariak ez zuen behar adinako arreta jarri gidatzean. Epaia ez da irmoa eta helegitea jar dakioke Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian.

Autobusak autoaren kontra talka egin eta barruan zihoazen bi haur hil ziren. Artxiboko argazkia: EFE
Autobusak autoaren kontra talka egin eta barruan zihoazen bi haur hil ziren
Autobusak autoaren kontra talka egin eta barruan zihoazen bi haur hil ziren. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko 2. Zigor Epaitegiak bi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio, 2020an Lizarran bi haurren heriotza eragin zuen La Estellesako autobus gidariari. Ezbeharraren ondorioz, hildako haurren ama larri zauritu zen eta beste emakume batek tibia eta peronea hautsi zituen.

Epaileak zuhurtziagabekeria larria egotzi dio gizonari, eta espetxe zigorraz gain ezingo du hiru urte pasatxoan (hiru urte eta egun bat) motordun ibilgailurik gidatu. Dena den, epaia ez da irmoa eta helegitea jar dakioke Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian. 

2020ko urtarrilaren 19an, Logroño eta Iruñea arteko bidea egiten ari zen La Estellesaren autobus-gidari batek kontrola galdu zuen Lizarrako sarreran, eta beste norabidean zebilen auto bat harrapatu zuen. Istripuan, auto barruan zeuden mutikoa eta neskatoa hil ziren.

Autobusa Carlos VII.a kaletik sartu zen Lizarran, eta istripuaren tokian gehienezko abiadura 40 km/h-koa zen. Hala ere, gidariak, abiadura murriztu beharrean, azeleratu egin zuen. Ondorioz, autobusa bidetik atera zen eta abiadura mantsoan zihoan ibilgailu baten aurka talka egin zuen. Kolpearen ondorioz, autoan zeuden bi haurrak hil egin ziren eta horien ama larri zauritu zen. Neskatoa tokian bertan hil zen, eta, mutikoa, berriz, Lizarrako ospitalean. 

Autoaren kontra egin ondoren, autobusak kontrolik gabe aurrera jarraitu zuen, eta 15 bat autorekin talka egin zuen, gelditu baino lehen.

2024ko apirilean egin zen epaiketan, fiskaltzak eta akusazio partikularrak 3 urte eta 9 hilabeteko kartzela zigorra eskatu zuten, eta, defentsak, berriz, absoluzioa. Gidariak epaiketan adierazi zuen balaztak huts egin ziola, baina adituen txostenen arabera, autobusak ez zuen matxurarik eta, balazta beharrean, azeleragailua sakatu zuen gidariak. Hortaz, magistratuaren arabera, gidariak autobusa gelditu zezakeen, baina ez zen horretarako gai izan.

Are gehiago, epailearen iritziz, gidariak ez zuen behar adinako arreta jarri gidatzean, ibilgailuaren tamaina eta pertsonak garraiatzen zituela kontuan hartuta.

Halaber, magistratuak uste du kontuan hartu behar dela autobus hori gidatzen zuen lehen aldia zela, eta, hortaz, arreta handiagoz ibili beharko zatekeen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Nafarroa Delituak bideoak Gizartea Albisteak Gaur Albisteak Lizarra albisteak Trafiko istripuen biktimak Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaiketak