Gizartea -
40. URTEURRENA
Heroina, alkohola eta kokaina: droga-kontsumoaren bilakaera Gizakia Helburu programaren 40 urteko ibilbidean
40 urte igaro dira Donostiako Ulia Enean Gizakia Helburu programaren lehen zentroa zabaldu zenetik. Gipuzkoan zegoen heroinaren kontsumoari aurre egin nahian abiatu zuten egitasmoa, kontsumitzaileei arreta emateko.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
80. hamarkadara egin behar dugu atzera. Heroinaren fenomenoak bete-betean astindu zituen Euskal Herriko hainbat herri, eta belaunaldi oso bati zorigaitza ekarri zion. Kuadrilla osoak hil ziren, hiesa, delinkuentzia... Une zailak ziren, eta alarma sozial betean ireki zen, 1985eko otsailaren 4an, Donostiako Ulia Enean Gizakia Helburu programaren lehen zentroa. Orduz geroztik 9.500 pertsona baino gehiago artatu dituzte, 7.398 gizonezko eta 2.150 emakumezko. Artatutako familiak, berriz, 12.000 baino gehiago izan dira, orotara.
40 urte eta gero, heroinaren arazoa errotik desagertu da, eta kokainarekiko eta alkoholarekiko mendekotasuna duten pertsonak hurbiltzen dira zentrora, batik bat. "Gaur egun polikontsumoa da nagusi, hau da, etortzen diren gehienek droga bat baino gehiago kontsumitzen dute, baina gizarteak normaltasunez ikusten du, ez dago alarma sozialik", azpimarratu du Izaskun Sasieta Gizakia Helbururen programen zuzendariak.
Sexuen arteko aldeak
Gizakia Helburu Behatokiak aurkeztutako azken txostenaren arabera, 2023an artatutako pertsona guztien % 16,7 emakumezkoak izan ziren. Emakumeak geroago garatzen dituzte mendekotasunak, eta, kontsumoa ezkutatzeko joerak bultzatuta, laguntza ere beranduago eskatzen dute. Kasu askotan, mendekotasuna publiko egiteagatik seme-alaben zaintza galtzeko beldurra izaten dute, eta familiaren, ekonomiaren eta gizartearen laguntza txikiagoa izaten dute.
Zentroetara joaten diren pertsonen batez besteko adina geroz eta zaharragoa da. 36,5 urtekoa izan zen 2014an, eta 39,9, 2023an, eta emakumezkoek bi urte beranduago eskatu ohi dute laguntza.
Duela urte batzuk bizitza erabat desegituratua zuten pertsonak ziren mendekotasuna zutenak, baina orain guztiz aldatu da hori. Kalean bizi den pertsona zein zure bizilaguna. "Pertsona batek alkoholarekiko eta kokainarekiko mendekotasuna enpresa baten administrazioan ardurako postu batekin konbina dezake, eta itxuraz normala den familia bizimoduari eutsi", aitortu du Gizakia Helbururen programen zuzendariak.
40 urte dira lehen zentroa ireki zutenetik, baina Gipuzkoan zehar hainbat eraikin dituzte gaur-gaurkoz, eta mendekotasunei aurre egiteko hainbat programa dituzte, tartean, jokabide adikzioei eta alkoholismoari loturikoak; izan ere, Sasietak azaldu du azken boladan izugarri hazi dela jokoarekiko mendekotasuna duten pertsonen eta erosle konpultsiboen kopurua. "Erabiltzaile bakoitzak dakarren motxila ikusi eta balorazioa egiten dugu, eta ate batera edo bestera bideratzen dugu", adierazi du Izaskun Sasietak.
"Duela 40 urte arazoa fisikoa bazen, gaur egun osasun mentalari lotuagoa dago, eta horrek dena zailtzen du, gatzagoa delako onartzea semeak osasun mentalarekin arazoak dituela, alkoholarekin edo drogarekin dituela onartzea baino", adierazi du.