Gizartea -

EGURALDIA

Alerta laranja ezarri dute ostegunerako 6 metrorainoko olatuengatik, eta abisu horia, haizea eta euriagatik

Euskalmeten iragarpenaren arabera, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat tokitan 60 litro pilatu daitezke metro koadroko 24 orduan, eta 100 km/h-tik gorako haize boladak izango dira Bizkaiko eta Gipuzkoako haizeguneetan.

Olatuak Donostian, artxiboko argazkian. Argazkia: EFE
Olatuak Donostian, artxiboko argazkian
Olatuak Donostian, artxiboko argazkian. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du ostegunerako, nabigazio arriskuagatik, 06:00-15:00 bitartean. Eguraldi iragarpenaren arabera, 5-6 metroko olatuak altxa daitezke. Ordu horretan, alerta laranja abisu horia izatera igaroko da.

Gainera, itsasaldeko arriskuagatik abisu horia indarrean egongo da, 04:00etatik 06:00etara eta 17:00etatik 18:00etara, itsasgorarekin bat eginez. Eguneko lehen itsasgora 05:05ean izango da, eta, bigarrena, 17:29an.

Halaber, 15:00ak arte abisu horia egongo da indarrean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako toki haizetsuetan 100 km/h-tik gorako haize boladak neurtu daitezkeelako.

Horrez gain, euriagatiko abisu horia ezarriko da egun osorako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat tokitan metro koadroko 60 litro pilatu daitezkeelako. Zaparradak iraunkorrak, ugariak eta zenbait lekutan trumoitsuak izan daitezke, eta txingorra egin dezake.

Euskalmeten iragarpenaren arabera, negu giroa nagusituko da ostegunean. Hego-mendebaldeko haizea zakar ibiliko da, bereziki egunaren lehen zatian eta zerua lainotuta egongo da, tarteka urdinguneak zabalduko badira ere. Egunaren bigarren zatian fronte bat iritsiko da eta euri apur bat egingo du. Elurraren maila 1.200-1.400 metrora egongo da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Araba Alerta meteorologikoak argazkiak EAE albisteak Denboraleak albisteak Eguraldia Donostia Gizartea Albisteak Gaur Albisteak