Gizartea -
TRAFIKOA
Normaltasuna itzuli da N-1 errepidera, Gipuzkoan, egun osoan auto-ilarak izan ondoren
Eguna zaila izan da Gipuzkoako Goierri eskualdeko errepideetan Legorretan eta Ordizian izandako istripu banaren ondorioz. N-1 itxita egon da baina dagoeneko normaltasunez gidatu daiteke.
Agentziak | EITB MEDIA
Normaltasuna itzuli da N-1 errepidera, Gipuzkoako Goierri eskualdean, Gasteizko noranzkoan. Egunean zehar, bi istripu korapilotsu gertatu dira, kamioiak tarteko, Legorretan eta Ordizian. Istripua izan duten ibilgailuak erretiratu ostean, trafikoa normaltzen joan da 19:00etatik aurrera.
Lehen ezbeharra goizeko 10:00ak aldera gertatu da Legorretan. Hainbat ibilgailuren arteko istripu baten ostean, kamioi bat erabat gurutzatuta geratu da galtzadan eta Gasteizerako noranazkoko bi erreiak moztu behar izan dituzte. Kamioiaren gidaria arin zauritu da, eta Tolosako Asuncion klinikara eraman dute.
Ezbeharraren ondorioz 4 eta 6 kilometro arteko auto-ilarak sortu dira, Segurtasun sailak jakinarazi duenez, eta Alegiako irteeratik bideratu dute trafikoa, GI-2131 errepidetik.
13:45ean Gasteizeranzko ezkerreko erreia zabaldu ahal izan dute eta, horri esker, 14:00etarako 4 kilometro baino gutxiagokoak ziren auto-ilarak. 15:39ean bigarren erreia zabaldu dute.
Handik gutxira, ordea, beste istripu bat izan da bi kamioiren artean, noranzko berean, Ordizian. Ez da inor zauritu eta garbiketa zerbitzuek errailetako bat egokitu ahal izan dute, baina 10 kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira. Ibilgailuak erretiratu dituztenean, trafikoa bere onera joan da apurka.
Segurtasun Sailak arreta handiz gidatzeko gomendatzen die gidariei, haizeteak eramandako objektuak bidean egon daitezkeelako, eta euriteen ondorioz ur-putzuak sor daitezkeelako.
Errepidea moztuta, olatu handiengatik
Bestalde, Gipuzkoan, N-634 errepidea itxita dago bi noranzkoetan Getaria eta Zumaia artean, olatu handien ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.