Gizartea -

EHIZA

Basurde uxaldiak egingo dituzte berriro Gipuzkoan, ehiztariek eta Diputazioak akordioa lortu dute eta

Ehiztari batek egindako tiro baten ondorioz Deban emakume bat hil zenetik (2023ko abenduan), ehiztariek erabaki zuten basurde uxaldirik ez egitea.

Basurde uxaldia Deban. EITB Mediaren artxiboko bideo batetik ateratako irudia
Basurde uxaldia Deban
Basurde uxaldia Deban. EITB Mediaren artxiboko bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hilabeteetan izan dira bat egin ezinean, eta, behingoz, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Ehiza Federazioak akordioa lortu dute: ostiraletik aurrera, basurdeak ehizatzeari ekingo diote berriro.

2023ko abenduaren 17an Debako 75 urteko emakume bat hil zen, etxean zegoela kanpotik suzko arma batekin egindako tiroa jasota. Gertakari horri lotuta, uxaldi horretan parte hartu zuten 22 ehiztariri zigor espedientea zabaldu zieten. Hori dela eta, erabaki zuten basurde uxaldirik ez egitea.

Xabier Arruti Oreka Berdearen diputatuak gaur hedabideen aurrean azaldu duenez, negoziazio "luze, gogor eta nekeza" izan da. Azaldu duenez, ehiztarien, herritarren eta mendira doazenen segurtasuna areagotzeko lan egin dute, eta, ildo horretan, Gipuzkoako Ehiza Federazioaren jarrera eskertu du.

Behin akordioa lortuta, foru aginduak sinatu eta ehiztari kuadrillei helaraziko dizkiete, ostiral honetatik aurrera ehizatzen hasi daitezen.

Arrutiren arabera, ehizatu ahal izango diren eremuak identifikatu eta mugatu egin dituzte, bereziki, etxebizitzetatik eta hiriguneetatik gertu daudenak.

Ehiza baimenduta dagoen eremuetan, segurtasun neurriak areagotu eta berariazko seinaleak ezarriko dira.

Halaber, segurtasunez ehizatu ahal izateko "mapa digitalizatuak" landu dituzte. Ehiztariek telefono mugikorrean kontsultatu ahalko dituzte mapa horiek eta, horrela, baimendutako ehiza eremuaren barruan dauden ala ez jakingo dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa Gizartea Albisteak Gaur Albisteak Ehiza gaur Gipuzkoako Foru Aldundia azken ordukoa