Gizartea -
Aroztegia proiektua
Jende oldea Iruñean, Lekarozko Aroztegiko makroproiektua gelditzea eskatu eta auzipetuei babesa adierazteko
Baztanen egin nahi den etxegintza proiektu erraldoiaren kontra aritzeagatik, 20 urteko kartzela-zigorra eta 56.000 euroko isuna eskatzen diete zazpi baztandarri, talde kriminaleko kide izatea leporatuta. 139 eragile sozial, politiko eta ekologistek bat egin dute deialdiarekin.
EITB Media
Jendetzak hartu ditu Iruñea erdialdeko kaleak larunbat arratsaldean, Lekarozko Aroztegiko makroproiektua gelditzea eskatzeko eta haren aurka aritzeagatik auzipetutako zazpi baztandarrei babesa adierazteko.
'Lurraren defentsan, kriminalizaziorik ez. Aroztegia gelditu' lelopean, 16:00etan abiatu da manifestazioa, Erratzuko Damak taldea aurretik zutela, Nafarroako epaitegi aurretik, bertan epaituko baitituze maiatzetik aurrera orain bi urte Aroztegiaren makroproiektua geldiarazteko kanpaldia antolatu zuten zazpi gazteak.
Guztira, 20 urteko espetxe-zigorra eta 56.000 euroko isuna eskatzen dituzte haientzat, besteak beste, talde kriminaleko kide izatea leporatuta. Horiek absolbitzeko eskatu dute, eta bizitzaren eta lurraren aldeko borroka ez dadila kriminalizatu.
Gaurko manifestazioarekin bat egin dute 139 eragile sozial, politiko eta ekologistak, tartean, EH Bildu, EH Bai, Zurekin Baztan, ELA, LAB, ESK, Steilas, ELB, Ernai eta GKS, eta Euskal Herri osotik milaka lagun joan dira autobusez Iruñera, auzipetuei elkartasuna adierazi eta makroproiektuaren aurka daudela ozen esatera.
Aspalditik datorren proiektua da Aroztegiarena, 2016an eman baitzion UPNk argi berdea Palacio de Arozteguia SL konpainia pribatuaren proiektuari. Lekarozen, apenas 350 biztanle dituen herrian, luxuzko 228 etxebizitza, Hilton kateko lau izarreko hotel bat eta golf-zelai bat eraikitzea zen asmoa.
Baztango Udalak eta dozenaka eragilek proiektua gelditzeko egindako eskaerei entzungor eginez, 2021eko apirilean hondeamakinak sartu ziren Aroztegia izeneko landa-eremuan.
Orain auzipetuta dauden gazte horiek desobedientziara deitu zuten jendartea, eta Aroztak kolektiboko dozenaka lagunek 13 egun iraun zuen kanpaldia egin zuten, Aroztegiaren obrak bertan behera uztera behartuz.
Baztango Udalak maiz eskatu dio Nafarroako Gobernuari Aroztegiko makroproiektu turistikoa bertan behera utz dezala. Momentuz, tiraderan sartu du. Sustatzaile pribatuak, Palacio de Aroztegia SL enpresak, 43 milioi euroko kalte-ordainak eskatu dizkio Gobernuari obra geratzeak eragin zizkion kalteengatik.