Gizartea -
Sutea Hernanin
Itzali dute Hernaniko Kale Nagusian hainbat atari hustera behartu duen sutea
Kale Nagusiko eraikin batean piztu da sua 06:00ak jota zirenean, eta inor zauritu ez bada ere, kalte handiak eragin ditu.
eitb media
Suhiltzaileek Hernaniko Kale Nagusiko hiru solairuko eraikin batean piztu den sutea itzali dute dagoeneko. Egurrezko egitura duen eraikina da, eta sua teilatura ere zabaldu da. Ondorioz, kale horretako 32, 34, 36, 38, 40, 42 eta 44 zenbakidun atariak hustu dituzte, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Udalak jakinarazi dutenez.
Udalaren arabera, sua Kale Nagusiko 36. zenbakian hasi da, igande goizeko seiak jota zirenean (32, 36 eta 38 zenbakietako etxebizitza guztiak hustu dituzte), eta, suhiltzaileek sua kontrolatzea lortu duten arren, goizeko zortzi eta erdiak aldera berpiztu egin dira sugarrak, eta 40, 42 eta 44 zenbakiak ere hustu behar izan dituzte.
Eguerdiko hamabi eta erdietan, suhiltzaileek bertan jarraitzen zuten, eta hainbat orduz aritu dira bertan lanean, ingurua hozten eta kalteak ebaluatzen. Ez da inor zauritu. Hasiera batean, ertzain bat artatu dute bertan, baina lanean jarraitu du.
Bestalde, Hernaniko Udala kalteak ebaluatzen eta kaltetutako pertsonen beharrak aztertzen hasi da.
Xabier Lertxundi alkatearen arabera, larrialdi zerbitzuen eta bizilagunen esku-hartze azkarrari esker, ez da kalte pertsonalik izan. Lertxundik adierazi duenez, oraindik ez dakite zer dela-eta piztu den sutea, baina alde zaharrean daudenez eta urte asko dituzten eraikinak direnez, kalteak askoz ere handiagoak izan zitezkeela erantsi du. Hain zuzen ere, kalteak handiago izan ez badira, larrialdietako zerbitzuen eta bizilagunen esku-hartze azkarrari esker izan dela azaldu du: "Azkar atera ahal izan dituzte etxetik sutean kaltetutako eraikinetan bizi ziren pertsonak, eta ez da inor zauritu".