Gizartea -
Etxebizitza
Donostiako Udalak 12 lursail utzi dizkio Eusko Jaurlaritzari, babes ofizialeko 5.000 etxebizitza eraikitzeko
Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren arabera, jarduera horiei esker Etxebiden alokairuko etxebizitza babestuetarako izena emanda dauden 7.000 eskatzaile ingururen "ehuneko oso altuari" erantzun ahal izango diote.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak akordioa adostu dute Gipuzkoako hiriburuan babes ofizialeko 5.000 etxebizitza eraikitzeko. Horretarako, Udalak hamabi lursail lagako dizkio Jaurlaritzari, hark etxebizitza horien garapena susta dezan, "etxebizitza eskuragarrien eskaera gero eta handiagoari erantzuteko".
Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak erakundeen arteko lankidetza horren garrantzia azpimarratu du: "Argi dago erakundeen arteko egungo lankidetza erritmoa eta maila ez zela nahikoa alokairuko babes ofizialeko etxebizitzen parkea nabarmen handitzeko". Gaineratu duenez, diagnostiko hori egin zuten "duela sei hilabete eskas Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-zorroa eskuratu eta berehala".
Jaurlaritzak emandako datuen arabera, akordioak hiriko "lursail estrategikoetan" etxebizitzak sustatzea aurreikusten du, Auditz Akularren, Loiolako Kuarteletan, Txomin Enean, Martutenen eta Eason (egun trenbideak dauden tokian, topoa lurperatzen denean libre geldituko den orubean), besteak beste.
"Inoiz ez da horrelako plangintzarik adostu bi erakundeen artean. Kontuan hartuta Donostian alokairuko babes ofizialeko etxebizitzetarako Etxebiden ia 7.000 eskatzaile ditugula, Udalarekin adostutako ibilbide-orri honek eskaeraren ehuneko oso altuari aurre egiteko aukera emango digu", esan du, eta "hasiera baino ez da", erantsi du.
Horrela, Sailetik adierazi dutenez, legegintzaldiaren hasieratik bertatik, eta "ikuspegi partekatuarekin", ahalegin berezia egin dute Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak etxebizitzaren arloan, "hiriko etxebizitza babestuen parkea nabarmen handitzeko".
"Etxebizitzaren arazoak konponbidea du, eta akordioa eta hitzarmena dira asmo handiko helburuak lortzeko bide bakarra", adierazi du sailburuak.
Eusko Jaurlaritzaren esanetan, bai Imanol Pradales lehendakariak bai Itxaso sailburuak hirigintza-izapideak arintzeko borondatea adierazi dute, proiektu horiek ahalik eta lasterren gauzatu ahal izateko.
"Orain erritmoa ezarri behar diegu hirigintzako izapideei, administrazioen arteko funtzioen banaketari eta proiektu eta obren lizitazioari", gaineratu du Itxasok.