Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Jenni Hermosok ukatu egin du Luis Rubialesi musu emateko baimena eman izana
"Banekien nire nagusia ari zitzaidala musu ematen, eta hori ez da inongo lan edo gizarte esparrutan gertatu behar", adierazi du Hermosok epaiketaren lehen egunean. Fiskaltzak eta akusazioak bi urte eta erdiko espetxe-zigorra eskatzen dute Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiarentzat.
agentziak | eitb media
Jenni Hermoso futbolariak epailearen aurrean ukatu egin du Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko (RFEF) presidente ohiari musu emateko baimena eman izana. Erabat testuinguruz kanpo gertatutako zerbait izan zela adierazi du: "Banekien nire nagusia ari zitzaidala musu ematen, eta hori ez da inongo lan edo gizarte esparrutan gertatu behar", adierazi du Hermosok epaiketaren lehen egunean.
Marta Durantez Auzitegi Nazionaleko fiskalordearen galderei erantzunez, Rubialesek haren bizitzako egunik pozgarrienetako bat zikindu zuela ziurtatu du. "Niretzat oso garrantzitsua da esatea ez nuela inondik inora ere hori bilatu, eta, are, ez nuela espero, eta uste dut errespetua galdu zitzaidala", azpimarratu du.
Hermosok xehetasun guztiekin azaldu du nolakoa izan zen baimendu gabeko musuaren unea 2023ko abuztuaren 20 hartan, Espainiako futbol selekzioak Munduko Futbol Txapelketa irabazi osteko ospakizunetan.
Dominak jaso ondoren agintariak agurtzeko unea iritsi zen: erregina, haren alaba eta Luis Rubiales. "Elkar besarkatu genuen eta 'ederra egin dugu' esan nion, eta, orduan, jauzi egin eta 'Mundial hau zuri esker irabazi dugu' esan zidan. Ondoren, eskuak nire belarrietan jarri eta musu eman zidan", kontatu du.
Hermosok berretsi du ez ziola eman inondik inora ere musu emateko baimenik Rubialesi, eta ez ziola baimena eskatu, akusatuak hori ziurtatu arren. "Ez nuen onartu", esan du, irmo.
Bestalde, Hermosoren iritziz, musuaren ondoren Munduko Txapelketa ospatzen jarraitu izanak ez dio garrantziarik kentzen gertaturikoari: "Ez dut zertan logelan negarrez egon edo ekitaldian nire burua lurrera bota".
Biktimaren esanetan, "lehen unetik" garbi izan zuen gertaturikoa salatu behar zuela eta, horregatik, abokatuekin hitz egin zuen Fiskaltzaren aurrera agertu baino lehen. Dena den, salatzeak eragin dizkion ondorioak deitoratu ditu.
Federazioaren presioak eta babes falta salatu ditu
Epaileari musuaren pasartea kontatu ondoren, Hermosok azaldu du aldagelara sartu zenetik, Espainiara itzultzeko hegazkinean, eta Eivissara egindako bidaian presioak jasan zituela.
Musua justifikatzeko asmoz, Rubialesekin batera komunikatu edo bideo bat argitaratzeko "behin eta birritan" eskatu zioten. Espainiarako hegaldian alabengatik egiteko eskatu omen zion Federazioaren presidente ohiak. Halaber, onartu du hark esandako zerbaitek min egin ziola: "Bioi gauza bera gustatzen zaigu".
Rubialesek bere helburua lortu ez zuela ikusita, Jorge Vilda orduko entrenatzailea saiatu omen zen hura eta neba konbentzitzen. Eivissara egin zuten bidaian, berriz, Ruben Rivera eta Albert Luque Federazioko kideak aritu omen ziren eginkizun horretan. Orduan, Federaziokoek "beren bizitzako fardelik handiena argitzen" lagundu ez izana aurpegiratu zioten, eta hainbat mezu bidali zizkioten pertsona txarra zela esan eta okerrena desiratuz.
Bestalde, nabarmendu du Federazioak ez ziola inolako babesik eman, eta ez ziotela nola zegoen ere galdetu. "Federazioaren partetik babesgabe sentitu nintzen, nire toki segurua izan behar zuen", gehitu du.
Epaiketaren lehen eguna, Auzitegi Nazionalean
Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioaren (RFEF) presidente ohiaren aurkako epaiketa goizeko hamarretan hasi da, Auzitegi Nazionalean. Fiskaltzak eta akusazioak bi urte eta erdiko espetxe-zigorra eskatzen dute horrentzat, futbolariak nahi ez arren Jenni Hermosori musua emateagatik eta ondoren mehatxu egiteagatik.
Akusatua 09:10ean iritsi da Auzitegi Nazionalera, Olga Tubau abokatua alboan zuela. Hermoso, bere aldetik, 09:25ean heldu da abokatuarekin eta ordezkariarekin. Ez batak ez besteak ez dute atarian bildutako kazetarien aurrean hitz egin.
Rubialesekin batera, beste hauek eseriko dira akusatuen aulkian: Albert Luque Espainiako selekzioaren zuzendari ohia, Jorge Vilda emakumezko taldearen hautatzaile ohia eta Ruben Rivera Federazioaren Marketing arduradun ohia. Horien kasuan, Ministerio Publikoak urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatzen du, mehatxuak leporatuta.
Zigor berberak eskatu dituzte Fiskaltzak eta Jenni Hermosoren eta Espainiako Futbolarien Elkartearen (AFE) akusazioek. Rubiales gutxienez 500 metrora lau urtez urruntzeko agindua ere eskatzen du Hermosok.
Ahozko saioak gaur bertan hasi dira, atariko kontuekin, baina lehen egunean hiru lekuko deituko dituzte deklaratzera: Hermoso bera, Ana Alvarez (garai hartan emakumezkoen futbol zuzendaria zena) eta Patricia Perez (Espainiako emakumezkoen selekzioko orduko prentsa arduraduna).