Gizartea -

Asteko eguraldiaren iragarpena

Aterkirik gabe, baina berokia soinean

Aste egonkorra dator, eguraldiari dagokionez. Badirudi gutxi bustiko duela asteon, nahiz eta negu beteko tenperaturak izango ditugun egun gehienetan; goizetan, bederen.

Lainoak Okondon (Araba). Argazkia: Iñaki Arteta
Lainoak Okondon (Araba)
Lainoak Okondon (Araba). Argazkia: Iñaki Arteta

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehen goiza eta gaua bereziki hotzak izango dira, Araban eta Nafarroan batik bat. Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du Araban (asteleheneko 00:00etatik 10:00etara), izotza egin dezakeelako. Lainoa ere sartuko da bertan. Orduek aurrera egin ahala, baina, epelduz joango da giroa. 15 graduraino igoko dira termometroak kostaldean, eta 10 graduren bueltan geratuko dira barnealdean.

Goizean, hodei dezente egongo dira. Arratsalderako, ostera, argitzera egingo du.

Asteartea izango da asteko egunik eguzkitsuena. Tenperaturak ere zertxobait epelduko dira, 13-16 graduraino.

Antzeko giroa espero da asteazkenerako ere, laino gehiagorekin, ordea. Fronte bat hurbilduko da gurera, eta euririk egingo ez badu ere, goiza aurreko egunean baino hodeitsuagoa izango da.

Ostegunean, ateri egongo da, zerua guztiz garbi geldituko ez den arren. Maximoak nekez iritsiko dira 13 gradura kostaldean, eta 9ra barnealdean.

Ostiralean soilik beharko dugu aterkia, gutxi bada ere, tarteka euria egingo baitu. Egun hotza izango da, gainera, 8-10 gradu bitarteko tenperaturekin. Elur-kota 1.000 metrotik behera kokatuko da.

Itxuraz, larunbatean argitzera egingo du berriro ere, ipar-ekialdeko haizea sartuko delako. Iragarpenak dio ez dela egun oso eguzkitsua izango, baina euri arriskurik ere ez da egongo. Igandean, berriz, baliteke euri arina egitea, ezegonkortasuna nagusiko baita asteko azken egunean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Iparraldea argazkiak Alerta meteorologikoak argazkiak EAE Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak