Gizartea -

Animalienganako tratu txarrak

Ehizarako erabiltzen diren txakurrekiko tratu txarrak salatu dituzte hainbat kontzentraziotan aldi berean

Ehizari Ez plataformak duela 15 urtetik deitzen du urtero protesta, eta Espainiako Estatuko 70 hiritan eta Europako 30etan, gutxienez, milaka lagunek bat egin dute protestarekin, jarduera horren aurka daudela adierazteko. Euskal Herrian, Donostian eta Iruñean egin dituzte mobilizazioak.

Igande honetako elkarretaratzeetako baten irudia. EFE.
Igande honetako elkarretaratzeetako baten irudia. EFE.
Igande honetako elkarretaratzeetako baten irudia. EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka lagun kalera atera dira gaur Espainiako Estatuan nahiz Europako beste herrialde batzuetan aldi berean egin diren mobilizazioetan, Donostian eta Iruñean tartean, ehizarako erabiltzen diren txakurrei, batez ere galgo arrazakoei, ematen zaizkien "tratu txarrak eta abandonua" salatzeko. Era berean, txakurrekin ehizatzea debekatzeko eta, oro har, ehiza desagerrarazteko deia egin dute. 

Ehizari Ez plataformak deituta, manifestariek ehizarako erabiltzen diren txakurrek pairatzen duten "babesgabetasun" egoera salatu, eta horien eskubideak aldarrikatu dituzte. "Etxeko txakurrak dira, ez dira ehiza-txakurrak", aldarrikatu dute bertaratutakoek.

Ehizari Ez plataformak duela 15 urtetik deitzen du urtero protesta, eta Espainiako Estatuko 70 hiritan eta Europako 30etan, gutxienez, milaka lagunek bat egin dute protestarekin, jarduera horren eta "diskriminazio mota guztien aurka" daudela adierazteko.

Ehun bat pertsona bildu dira Donostiako mobilizazioan. Manifestariek (batzuek txakurrak zeramatzaten) 12:00etan ekin diote protestari Boulevardean, 'Galgoekin eta beste arraza batzuekin ehizatzeari ez' zioen pankarta baten eta PACMA alderdi animalistaren beste baten atzean.

Iruñean, Gazteluko Plazan egin dute elkarretaratzea, 'Galgoekin eta beste arraza batzuekin ehizatzeari ez. Biktima zenbat eta babesgabeago egon, orduan eta eskubide gehiago defendatua izateko' leloa zeraman pankartarekin, eta 'Ehizari ez' zioten kartelak zituztela. 

Bertan bildu direnek zirkulu bat osatu dute plazan, erdian eskopeta bat zintzilik zuen urka bat zutela. Gainera, tratu txarrak jasan dituzten txakurren argazkiak ere erakutsi dituzte.

Kontzentrazioetan, manifestu bat irakurri dute. Plataformak nabarmendu duenez, "neguan eskopetak epaile bihurtzen dira berriro, eta bidegabekeriari soinua jartzen diote errugabeen bizitzak akabatzen dituzten bakoitzean. Urtaroa aldatzen da, baina ez da aldatzen hainbat eta hainbat animaliaren begietako izua, sastraka artetik ihesi doazenean, euren gorputzetan sentituz su gupidagabe baten zemaia". 

Gaineratu dutenez, ehizan erabiltzen diren txakurren "hankek gehiago ezin dutenean edo usaimena galdu dutenean, leialtasuna gordetzeko erabili zuten eskopeta berak akabatzen ditu. Bizitza hautsiak, etxe baten berotasuna edo izaki orok merezi duen maitasuna ezagutu ere egin gabe eteten diren istorioak".

"Ez dugu onartzen hau tradizioz mozorrotutako errutina bihurtzea. Irmo eusten diegu gure sumindurari eta ahotsa altxatu ezin dutenekiko dugun maitasunari", adierazi du plataformak, eta begiak ireki ditzatela eta euren ardurak euren gain har ditzatela eskatu diete legegileei.

Ildo horretan, manifestuan azpimarratu dutenez, "jendeak gero eta argiago du ezin direla kirolaren izenean bizitzak akabatu, ez eta txakurrak erabili eta botatzeko objektu gisa erabili. Hain zuzen ere, esnatze kolektibo hori da gure itxaropena: axolagabekeriak inposatutako iluntasuna argitzen duen itsasargia".

Horregatik, plataformak konpromiso bat adierazi du: "Ez dugu atzerapausorik emango. Ez tiro bakar batek zuhaitzen artean burrunba egin eta basoko isiltasuna negar ito bihurtzen duen bitartean. Ez txakur bakar bat patu krudel batera kateatzen den bitartean. Ahotsa altxatzen jarraituko dugu, bizitza babestuko duen legeria eskatuz, eta ez gutxi batzuen pribilegioa".

Bertan esan dutenez, orain, ehiza-denboraldiaren amaieran, "txakur horietako asko abandonatu eta hil ere egiten dituzte, urtero errepikatzen diren irudi lazgarriak". Horrez gain, ehizarako erabiltzen diren txakurrak Animalien Ongizaterako Estatuko Legetik "kanpo" utzi izana deitoratu du plataformak, eta "babesik gabe" daudela salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Iruñea Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Animaliak Ehiza