Gizartea -
Hernaniko sutea
Hernaniko suteak kaltetutako eraikinean bizi diren familiek etxetik kanpo jarraituko dute
Suhiltzaileek eta udal teknikariek eraikinak ikuskatzen jarraituko dute, kalteak neurtu eta bizilagunak etxera noiz itzul daitezkeen erabakitzeko. Igandean su hartu duen eraikinaren alboko atarietako auzotarrak, berriz, etxera itzuli ahal dira.
eitb media
Hernanin su hartutako etxebizitza eraikineko 13 familiak etxetik kanpo igaro behar izan dute gaua. Gaur, astelehena, suhiltzaileek eta udal teknikariek suteak kaltetutako eraikinen egoera aztertzen jarraituko dute, kalteak zenbatzeko eta bizilagunak etxera noiz itzul daitezkeen erabakitzeko. Goizean udal teknikarien baimena jaso ondotik, 34 eta 38 zenbakia duten atarietako auzotarrak etxera itzuli ahalko dira.
Hernaniko alde zaharreko etxebizitza eraikin batean goizeko lehen orduan piztu den sutearen ondorioz, zortzi atari jendez hustu behar izan zituzten; 40 etxebizitza, guztira. Sua piztu eta ordu batzuren buruan, etxera itzultzeko baimena eman zieten 27 familiari, baina gainerako 13ak etxetik kanpo igaro dute lehen gaua.
Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak Euskadi Irratian azaldu duenez, udal teknikariak eta suhiltzaileak solairuz solairu ari dira Kale Nagusiko 36. zenbakiko etxebizitzak ikuskatzen. Horren esanetan, gaua etxetik kanpo igaro duten 13 familietatik zazpik gaur bertan itzuli ahal izango dute. Sua piztu zen eraikineko bizilegunek, berriz, itxaron egin beharko dute.
Sutean ez da inor zauritu, baina kalte handiak eragin ditu suak, Hernaniko Udalaren arabera. Suak bi etxebizitzatan bereziki eragin ditu kalteak eta baita teilatuan ere, baina udal arkitektoen arabera, eraikinetan egiturazko kalterik ez dago.
Kale Nagusiko 36 zenbakia duen atariko hirugarren solairuan piztu zen sua, egurrezko eraikin batean, igandeko 06:00ak jota zirenean.
Hernaniko alkateak atzo komunikabideen aurrean azaldu zuenez, suhiltzaileek berehala itzali zuten sua, baina sugarrak berriz piztu zirenean, kaltetutako eraikinaren aldameneko atariak hustu behar izan zituzten.
Halere, suhiltzaileek bertan jarraitu zuten ingurua guztiz hoztuta zegoela ziurtatu zutenera arte, sua berriro piztuko ote zen beldur baitziren.
Sua piztu den eraikineko eta aldameneko bi eraikinetako bizilagunek, beraz, etxetik kanpo igaro dute gaua, baina gainerakoetan bueltan dira bizilagunak.
Orotara, Donostiako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko —Zarauzko eta Tolosako suhiltzaile parkeetako— 20 suhiltzaile aritu ziren sua itzaltzeko lanetan.