Gizartea -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Rubialesen aurkako epaiketa, Ertzaintza Bilboko Portuan eta Grammy sariak
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko otsailaren 3an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Rubialesen aurkako epaiketa: Auzitegi Nazionalak Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko (RFEF) presidente ohia epaituko du gaurtik aurrera. Bi urte eta erdiko espetxe-zigorra eskatzen dute horrentzat, Jenni Hermosori gogoz kontra musua emateagatik Espainiako 2023ko Munduko Futbol Txapelketaren ospakizunetan eta ondoren mehatxu egiteagatik.
- Ertzaintza Bilboko Portuan: Ertzaintzaren eskumenak handitu egin dira, izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko portuetako segurtasunaren arloko eginkizun berriak bere gain hartu ditu, ur-laminaren zaintza barne. Bere erantzukizun berrien artean, Ertzaintza arduratuko da Bilboko Portuko azpiegitura kritikoetan laguntza operatiboko planak kudeatzeaz eta gauzatzeaz, portua bera eta sarbide mugatuko eremua barne. Testuinguru horretan, Imanol Pradales lehendakaria eta Bingen Zupiria Segurtasun sailburua Ertzaintzarekin bilduko da, 11:00etan, Bilboko Portuan.
- Grammy sariak: Gojira talde baionarrak Metal Emankizun Onenaren Grammy saria irabazi du bart Los Angelesen, Grabazio Arte eta Zientzien AEBko Akademia Nazionalak ematen dituen sarien 67. edizioan. Hain zuzen ere, Duplantier anaiek gidatzen duten lapurtar taldeak uztailaren 26an Parisko Olinpiar Jokoen irekiera ekitaldian egindako emanaldia saritu dute. Kendrick Lamar rap musikariak irabazi ditu sari gehien gaurko galan, bost hain zuzen ere, grabazio eta kantu onenena tartean. Charli xcx britainiarrak hiru gramofono besapean etxeratu da eta Beyoncek bi sari eraman ditu, country disko eta dueto onenena.