Gizartea -
ANDALUZIA
Oscar Terolek aurkeztutako txirigota negazionista bati txistu egin diote Cadizko inauterietan
Publikoak zarataka galarazi zuen ikuskizunaren mezua eta musika entzutea, eta antzokitik atera zirenean ere egin zieten txistu eta ohiu.
eitb media
Cadizko inauterietako taldeen lehiaketa ofizialeko (COAC) publikoak galarazi egin zuen, zarataka, "Abre los ojos" chirigotaren abestiak entzutea. Oscar Terol euskal umoregileak aurkeztutako chirigotak iragarria zuen klima aldaketaren eta txertoen aurkako mezu negazionistak zabaltzeko asmoa zuela.
Publikoak gogo txarrez hartu zuen atzo plazaratutako ikuskizuna; izan ere, ikus-entzuleek iritzi zioten interpretazioaren, musikaren eta eszenografiaren maila ez zela lehiaketari zegokiona, eta segituan hasi ziren oihuka eta ozen abesten.
Publikoak behin eta berriz eskatu zion epaimahaiari emanaldia etetea, baina egungo araudiak, aurrekoak ez bezala, ez du jasotzen emanaldia eteteko aukera segurtasun arazoengatik edo bestelako preamiazko egoera batek eraginda ez bada.
Taldeak aitortu zuen ez zela lehiaketaren kantu eta interpretazio mailara iristen, baina azaldu zuten barne boikot bat jasan zutela, kideetako batzuek taldea utzi zutelako lehiaketa baino egun batzuk lehenago.
Taldeak ikuskizuna amaitu zuen, entzuten ez bazen ere, baina gitarra-jotzaileetako batek alde egin zuen amaitu baino lehen, eta kide gazteenak, neska adingabe batek, negarrez amaitu zuen.
Chirigotak antzokitik atera zenean ere jaso zituen desadostasun oihuak.