Gizartea -
Tutoretzapeko zentroak
Euskadiko babespeko zentroetan 1.347 adingabe daude, eta horietatik 62 sei urtetik beherakoak dira
Harrera-familiek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote bete dezala egoitzetan sei urtetik beherako haurrik ez hartzeko konpromisoa.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Euskadin, 1.347 adingabe bizi dira tutoretzapeko zentroetan, familia batek hartuko dituen zain, eta horietatik 62k sei urte baino gutxiago dituzte, Gazteria eta Haurren Ministerioaren azken txostenaren arabera.
Familia Harreraren Estatuko Elkarteak eta EAEko Beroa elkarteak 2022an hartutako konpromisoa bete dezan eskatu diote Eusko Jaurlaritzari: Espainiako Exekutiboarekin eta beste erkidego batzuekin hitzartutakoaren arabera, Jaurlaritzak bermatu behar zuen 2026a baino lehen sei urte baino gutxiagoko haurrik ez egotea egoitzetan.
Euskadi da harrera zentroetan adin tarte horretako haur gehien dituen bosgarren erkidegoa, Katalunia, Andaluzia, Valentziako Erkidegoa eta Galiziaren atzetik. Estatu mailan, berriz, 1.200 adingabe daude.
Familia Harreraren Estatuko Elkarteak ohartarazi du baliabide eta laguntza faltak harrera familiei prozesua zailtzen duela. Era berean, salatu dute adingabe horiek premiaz zaintzen dituztenak kotizazio sistematik kanpo geratzen direla, eta langile horiek Gizarte Segurantzan sartzea eskatu dute.
Horrez gain, txostenak erakusten du Euskadin adingabe gehiago daudela egoitzetan harrera-familiekin baino, eta familiek hartutako adingabeen kopurua % 20 jaitsi dela azken urtean. Harrera egiteko prest dauden familien kopuruak gora egin duen arren, familien harrerak atzeraka jarraitzen du, eta ez da betetzen ari modalitate hori egoitzazkoaren aurretik lehenesten duen legea.