Gizartea -

Sutea

Hernanin su hartutako etxebizitzak ez du egiturazko kalterik baina lau familia ezingo dira oraindik itzuli

Kale Nagusiko 36. zenbakiko lau etxebizitzetako bizilagunak dira, eta Udala aterpe bat bilatzeko lanetan dago jada. Gaua etxetik kanpo eman duten gainerakoak, 34 eta 38 zenbakikoak, euren etxeetara bueltatu dira.

Igandean su hartu zuen etxebizitza. Argazkia: EFE
Igandean su hartu zuen etxebizitza.
Igandean su hartu zuen etxebizitza. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hernaniko (Gipuzkoa) Kale Nagusiko 36. zenbakiko bizilagunak —lau familia, guztira— ezingo dira "oraingoz" euren etxeetara itzuli, eraikinak egiturazko kalterik ez duen arren, suak eta urak hondatuta baitago.

Sutea piztu zen igande goizean lau etxebizitzako eraikin horretan, badaezpada, 36, 34 eta 38 zenbakietako bizilagunak atera zituzten, eta gaua etxetik kanpo eman dute.

Gaur eraikina ikuskatu dute suhiltzaileek eta udaleko teknikariek. Ondorioztatu dutenez, "ondoko bi eraikinetan, 34 eta 38. zenbakietan, kalteak badaude ere, ez dago arazorik bizilagunak etxera itzultzeko".

36. zenbakiko bizilagunek, ordea, ez dute zorte bera izango. Eraikin horretan lau etxebizitza eta merkataritza lokal bat daude. Azken horretan ez da kalterik izan, eta hortaz, jardunari heldu ahalko dio berriro. "Eraikinak ez du egiturazko kalterik", adierazi dute, baina teilatuan, su hartu zuen etxebizitzan eta ondokoetan kalteak daude.

Hernaniko Udalako jakinarazi duenez, herritar horiei aterpe bat bilatzeko lanetan ari dira gizarte zerbitzua. 

Hernaniko alde zaharreko sutearen ondorioz, zortzi atari jendez hustu behar izan zituzten igandean; 40 etxebizitza, guztira. Sua piztu eta ordu batzuen buruan, etxera itzultzeko baimena eman zieten 27 familiari, baina gainerako 13ak etxetik kanpo igaro dute lehen gaua. Esan bezala, gaurtik aurrera, lauk bakarrik jarraituko dute egoera horretan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Hernani Suteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak