Gizartea -
ANDALUZIA
Cadizko inauterietako epaimahaiak txirigota negazionista kanporatu du, ahal baino kide gehiago zituen eta
Araudiaren arabera, gehienez ere 12 pertsona egon daitezke aldi berean oholtzan, eta Katy Balberrek zuzendu eta Oscar Terolek aurkeztu zuen "Abre los ojos" txirigotak 13 alditan gainditu zuen kopuru hori. Publikoak zarataka galarazi zuen ikuskizunaren mezua eta musika entzutea.
eitb media
"Abre los ojos" txirigota negazionistaren inguruan sortutako polemikaren ondotik, Cadizko inauterietako epaimahaiak taldea kanporatu egin du kopla txapelketak baimentzen duen kide kopurua gainditzeagatik.
Cadizko inauterietako araudiaren arabera, gehienez ere 12 pertsona egon daitezke aldi berean oholtzan. Katy Balberrek zuzendu eta Oscar Terolek aurkeztu zuen "Abre los ojos" txirigotak 13 alditan gainditu zuen kopuru hori, eta debekatuta egon arren figuranteetako batek aldi horietan guztietan abestu zuen.
Txirigota horren emanaldiak hautsak harrotu ditu Cadizen. Zenbaitek uste dute oholtzara igo aurretik talde guztien errepertorioa berrikusi behar dela, beste batzuk, ordea, aurkezten diren guztien artean aukeraketa bat egitearen aldekoak dira.
Bestalde, epaimahaiari esku hartzeko botere handiagoa ematea defendatu du Cadizko Inauterietako Egileen Elkarteak, igandekoa berriz gerta ez dadin.
Txistuak eta oihuak "Abre los ojos" txirigotaren abestiak entzutea galarazteko
Cadizko inauterietako taldeen lehiaketa ofizialeko (COAC) publikoak galarazi egin zuen, zarataka, "Abre los ojos" txirigotaren abestiak entzutea. Oscar Terol euskal umoregileak aurkeztutako txirigotak iragarria zuen klima aldaketaren eta txertoen aurkako mezu negazionistak zabaltzeko asmoa zuela.
Publikoak gogo txarrez hartu zuen atzo plazaratutako ikuskizuna; izan ere, ikus-entzuleek iritzi zioten interpretazioaren, musikaren eta eszenografiaren maila ez zela lehiaketari zegokiona, eta segituan hasi ziren oihuka eta ozen abesten.
Publikoak behin eta berriz eskatu zion epaimahaiari emanaldia etenarazi zezan, baina egungo araudiak, aurrekoak ez bezala, ez du jasotzen emanaldia eteteko aukera segurtasun arazoengatik edo bestelako premiazko egoera batek eraginda ez bada.
Taldeak aitortu zuen ez zela lehiaketaren kantu eta interpretazio mailara iristen, baina azaldu zuten barne boikot bat jasan zutela, kideetako batzuek lehiaketa baino egun batzuk lehenago taldea utzi zutelako.
Taldeak ikuskizuna amaitu zuen, entzuten ez bazen ere, baina gitarra-jotzaileetako batek alde egin zuen amaitu baino lehen, eta kide gazteenak, neska adingabe batek, negarrez amaitu zuen.
Txirigotak antzokitik atera zenean ere jaso zituen desadostasun oihuak.