Gizartea -
Donostia
Illunbe Berriak 15.000 lagun hartzeko kantxa handi bat izango du, eta 3.000rentzako osagarri bat
Donostiako Udalak zezen plaza izandakoa eraberritzeko aurreproiektua aurkeztu du gaur. Kirol jarduerak eta kontzertuak hartuko ditu, besteak beste. Eraikina handitzeaz gain, ingurua berritu, saihesbidearen gainetik pasabidea egin eta lurrazpian 1.000 ibilgailu sartzeko aparkalekua sortuko dute.
EITB Media
Donostiako Udalak Illunbeko zezen plaza eta inguruak eraberritzeko aurreproiektua aurkeztu du gaur. Illunbe Berria deituko denak egungo azpiegitura izango du oinarri, baina bi eraikin izango ditu: nagusiak 15.000 ikusle hartzeko moduko edukiera izango du, eta bigarren kantxa osagarri bat egingo dute, edukiera txikiagoarekin (2.500-3.000 pertsona). Guztira, bada, 18.000 pertsona hartzeko azpiegitura izango da. Horrez gain, ingurua bera atonduko dute, saihesbidearen gainetik pasabide bat egingo dute eta lurrazpiko aparkaleku handi bat sortuko dute.
Eneko Goia hiriko alkateak eta Ane Oyarbide Ekonomia zinegotziak prentsaurrean aurkeztu dute aurreproiektua. Nabarmendu dutenez, "Illunbe hiriak merezi duen erabilera anitzerako pabiloia izango da". Proiektua hastapenetan dagoela zehaztu dute, eta adierazi "ezinbestekoa" izango dela Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin finantzazio akordioa egitea.
Aurreikusi dutenez, "2030a baino lehen" egongo da prest pabilioi berria, eta 66 milioi euroko aurrekontua izango du.
Eraikinari erabilera anitza eman nahi diote Udaleko arduradunek, izan kirol jarduerak, zein kultur arlokoak. Hori horrela, tamaina ertaineko kontzertuak egiteko, jarduera sozialak antolatzeko, baina baita zezenketak egitea ere.
Proiektuarekin Anoetako kirol hiriko inguru guztia berrituko dute. Hartara, sarrera berria egingo dute, bideak aldatu eta Reale Arenarekin lotuko dituzte. Goiaren esanetan, "Illunbera oinez joateko bidea Anoeta kirol hiritik egingo da, high line berri bat sortuta, hau da, kirol hiritik saihesbidearen gainetik oinezkoentzako kalitate handiko pasabide baten bitartez".
Gainera, egun Illunben dagoen bidea mendebalderantz eramango da, eta Illunberen inguruan plaza handi bat egingo dute. Eremu horrek ez du erabilerarik gaur egun, baina etorkizunean ikuskizunetara joaten diren pertsonentzako aisialdigune bilakatuko dute.
Bidea mendebalderantz eramanda, gaur egun dagoen aparkalekua kendu egin beharko dute. Horri aurre egiteko, lurrazpian 1.000 ibilgailu sartzeko aparkalekua eraikiko dute, Realaren partidak ikustera doazen zaleek non aparkatu izan dezaten. Are gehiago, "hirira bisitari kopuru handiak etortzen direnean aldiriko aparkaleku moduan erabili ahal izango da", Oyarbidek zehaztu duenez.