Gizartea -
POLIZIA OPERAZIOA
Sei pertsona atxilotu dituzte Bizkaian, animalia eta telefonoak saltzen 150.000 euroko iruzurra egiteagatik
Interneteko hainbat orrialde erabiltzen zituzten iruzurra egiteko. Talde kriminal bateko kide izatea, modu jarraian iruzurra egitea eta kondena urratzea leporatzen diete.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Sei pertsona atxilotu dituzte Bizkaian, animalia kumeak eta telefono mugikorrak saltzen 150.000 euro baino gehiagoko iruzurra egiteagatik. Bigarren eskuko produktuen salerosketarako webguneak erabiltzen zituzten, iruzurra egiteko, Polizia Nazionalak jakitera eman duenez.
Desegindako sareak Bizkaian zuen operazio-gune nagusia, baina Espainiako Estatu osoan aritzen zen. Orotara, 100 biktima inguru daudela uste dute ikertzaileek, eta ez dute baztertzen salaketa gehiago egotea.
Operazioaren berri emateko zabaldutako oharraren arabera, bost telefono mugikor eta beste horrenbeste SIM txartel atzeman dituzte agenteek, eta 14 kontu-korronte blokeatu dituzte.
Itxuraz, bigarren eskuko produktuen webguneetan iragartzen zuten animalia kumeak (txakurrak, katuak eta loroak) eta gailu teknologikoak salgai zituztela, prezio merkean. Interesa agertzen zuten erabiltzaileei argazkiak igortzen zizkieten, eta lehen ordainketa lehenbailehen egiteko eskatu ere bai. Ondoren, prezioa garestitu egiten zuten, askotariko gastuak argudiatuz. Biktimek ez zuten sekula erositakoa jaso.
Talde kriminal bateko kide izatea, modu jarraian iruzurra egitea eta kondena urratzea leporatzen diete.