Gizartea -
World Marathon Challenge
Verdeliss influencer nafarrak gertu du erronka erraldoia: 5 maratoi irabazi ditu, 5 egunetan, jarraian
Estefania Unzuk 7 maratoi korritu nahi ditu, 7 egunetan, jarraian, eta 7 kontinentetan, ekimen solidario baten barruan. Orain bi lasterketa "besterik" ez zaizkio falta.
EITB MEDIA
Verdeliss influencer nafar ezagunak aurrerapausoa eman du gaur atletismoaren munduan historia egin eta bere epopeia handia burutzeko. Izan ere, 7 egunetan jarraian eta 7 kontinentetan 7 maratoi korritzea du erronka, eta orain arte 5 egin ditu. Eta 5ak irabazi, gainera!
Estefania Unzu (hori da haren benetako izena) atletak Madrilen, Jarama zirkuituan, lortu du gaur 5. garaipena, mundu osoko 65 korrikalariren aurka lehiatuta.
Verdelissek 39 urte ditu eta 8 seme-alaba dauzka. Haren erronka handi honek helburu solidarioa du: Claudia 6 urteko ume murtziarrak pairatzen duen gaixotasun arraroa (Menke-Hennekam sindromea) ikertzeko dirua lortzea. Misioa abiatu baino lehen, EITBren mikrofonoen aurrean azaldu zuen erronka:
Verdeliss gaur bertan iritsi da Madrilera Dubaitik, atzoko maratoian parte hartu eta gero. Aldez aurretik, Antartidan, Lurmutur Hirian (Hegoafrika) eta Perthen (Ozeania) ere eskuratu ditu garaipenak.
Orain, bi maratoi besterik ez zaizkio falta: bihar Fortalezan (Brasil) izango da, eta etzi, Miamin (AEB). Horrenbestez, Amerikako bi hemisferioetan egingo du korrika hurrengo bi egunetan.
"Naturaren legeen aurka ari naiz borroka egiten. Gorputzak atseden hartzeko eskatzen dit, maratoi bat bestearen atzetik ari naiz egiten. Film batean egotea bezalakoa da hau. Gorputza muturrera eraman dut, baina oraingoz eutsi egiten diot erronkari", adierazi du Unzuk, gaurko maratoia hasi aurretik.
Gaur sari berezia izan du Madrilen: bikotekidea eta zortzi seme-alabak (3 eta 19 urte artekoak) zain izan ditu, babesa emateko.
"Ametsa da. Nire historia idazten ari naiz. Haientzat eredu izan nahi dut, ikus dezaten ametsak lortzeko lan egin behar dela, baina ondoren saria badagoela", nabarmendu du, hunkituta.
Gaixotasun arraroa duen umearen ama, Georgina, Madrilera joan da gaur, babesa ematera. "Guretzat, oso lagungarria izan daiteke Verdeliss egiten ari dena", esan du. 270.000 euro behar dituzte, hain zuzen ere, Menke-Hennekam sindromea aztertzeko ikerketa aitzindari bat gauzatu ahal izateko.
Iaz, Unzuk beste erronka bat lortu zuen, 12 hilabetetan 12 maratoi korritzea. Oraingoan, are zailago izango du.