Gizartea -
Indarkeria matxista
Peña Athletic Santurtzi taldeak entrenatzaile bat salatu du, hainbat adingaberi sexu erasoa egin dielakoan
Bizkaiko futbol taldeak salaketa aurkeztu du Ertzaintzan "kontakturik gabeko" sexu erasoa egotzita, eta entrenatzailea behin-behinean apartatu du, adingabeen babeserako protokoloari jarraiki. Biktimak 15-17 urteko neskatoak dira.
EITB Media
Santurtziko (Bizkaia) Peña Athletic futbol taldeak bere entrenatzaileetako bat Ertzaintzaren aurrean salatu du, hainbat adingaberi sexu erasoa egin dielakoan, Eukene Arana klubaren Prebentzio ordezkariak EITB Mediari baieztatu diotenez. Ertzaintzak, bada, ikerketa du abian.
15 eta 17 urte bitarteko hainbat neskato dira biktimak, eta hala, adingabeak babesteko protokoloa martxan jarri du klubak. Hartutako neurrien artean, entrenatzailea behin-behinean kargutik kentzea dago.
Aranak ez du zehaztu nahi izan zenbat adingabek jasan duten erasoa. "Garrantzitsuena ez da kopurua, gertakaria baizik, eta hori jakinarazita dago", argudiatu du.
Ertzaintzak salaketa aurkeztu dutela berretsi du, eta zehaztu ahozko indarkeria izan dela, "kontakturik gabekoa", Aranaren hitzetan.
Santurtziko Peña Athletic hastapeneko futbolean aritzen da, eta 19 talde ditu, batzuk gizonezkoenak eta besteak emakumezkoenak.
Santurtziko hau ez da Bizkaiko harrobiko futbolean salatzen den lehen indarkeria matxista kasua. Duela bederatzi hilabete, iazko maiatzean, lau adingabek Barakaldoko Pauldarrak futbol taldeko entrenatzaile bat salatu zuten, arrazoi beragatik. Klubak berehala kendu zuen entrenatzailea. Gizonak epailearen aurrean deklaratu zuen, eta horrek aske utzi zuen, inongo neurririk ezarri gabe.