Gizartea -

HEZKUNTZA

Hezkuntza Sailak isuna jarri dio Azpeitiko Iraurgi ikastetxeari, matrikulazioan irregulartasunak egiteagatik

Hamabost egunean Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duen bigarren isuna da. Duela bi aste inguru, Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolari 140.000 euroko isuna ezarri zioten, 2023-2024 ikasturtean Haur Hezkuntzako lehen mailan baimendutakoa baino zortzi ikasle gehiago matrikulatzeagatik.

Artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Artxiboko irudia. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak zigorra ezarri dio Azpeitiko Iraurgi ikastetxeari —Kristau Eskola sareko zentroa da— 2023-2024ko matrikulazio prozesuan irregulartasunak egiteagatik

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak atzo kaleratutako aginduan zehazten denez, ezarritako isunaren zenbatekoa (ez dute zehaztu zenbat) itzuli beharko dio eskolak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak izenpetutako idatziak dio Ikuskaritza Zerbitzuak "gorabeherak aurkitu" zituela Iraurgiren matrikuletan eta horien berri eman ziola Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzari, "zegokion prozedura" zabaltzeko .

"Matrikularen datuak berrikusita eta adiskidetze-batzordea eratuta", ikastetxeari "zehapena" ezartzea erabaki zuen Hezkuntza Sailak, hezkuntza-itunei buruzko araudia onartzen duen 293/87 Dekretuaren 69., 87. eta 88. artikuluak aintzat hartuta.

Orain, Hezkuntza Sailean aginduaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkezteko aukera du ikastetxeak, hilabeteko epean, eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez dezake EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hileko epean.

Hamabost eguneko epean Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duen bigarren isuna da honakoa. Duela bi aste inguru, Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolari 140.000 euroko isuna ezarri zioten, 2023-2024 ikasturtean Haur Hezkuntzako lehen mailan baimendutakoa baino zortzi ikasle gehiago matrikulatzeagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza Azpeitia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza