Gizartea -
BIZKAIA
Santurtzi eta Abanto lotzen dituen bidegorriaren azken zatia zabaldu dute
Azken tarte honi esker, txirrindulariak Mamariaga auzotik (Santurtzi) Sanfuentesera (Abanto) joan ahalko dira Arena bidegorritik barrena.
EITB MEDIA
Bizkaiko bidegorri eta bizikleta bideen sareak zati bat gehiago du gaurtik aurrera, Santurtzi eta Abanto udalerriak lotzeko hirugarren eta azken zatia zabaldu baitute, Arena bidegorrian zehar —Barakaldotik Muskizera doana—.
Tarte berria gaur inauguratu dute Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Karmele Tubia Santurtziko alkateak. Aurrerantzean, txirrindulariak Mamariga (Santurtzi) auzotik abiatu ahalko dira, eta Ezkerraldeko eta Meatzaldeko hainbat udalerri zeharkatu.
Azken bidegorri zati honek 1,09 km luze ditu, eta 2,7 milioi euroko inbertsioa behar izan du. Guztira, 4,5 metroko zabalera du: 2,5 metroko bide bat du txirrindularientzat eta bi metroko beste bide bat oinezkoentzat, argi bereizita.
Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, zati berri hori "pauso garrantzitsua" izan da 4. Lurralde Planaren baitan. Egitasmoak, 2023-2035 aldirakoak, 365 kilometroko bidegorri sarea aurreikusten du (132,2 kilometro dira Foru Aldundiarenak). Gaur-gaurkoz, 47,2 kilometro daude eginda, eta 10,9 km eraikitzen. Egiten ari diren horien artean daude All Iron (0,5), Bolueta-Etxebarri-Basauri (1,5), Erletxe-Larrabetzu (3,4) eta Erletxe-Boroa (5,4).