Gizartea -

ERASOA

Bi gizonek eraso homofobo fisikoa salatu dute Bilbon

Erasoa Bilboko Goienkalen jazo zen ostiral gauean, eta salaketa aurkeztuta, Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da. Nerea Melgosa sailburuak irmo gaitzetsi du erasoa, Jaurlaritzaren izenean.

EITB MEdia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbon eraso homofoboa jasan zutela salatu dute bi gizonek Ertzaintzaren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i baieztatu dionez.

Salaketa eraso fisikoagatik aurkeztu zuten biek ala biek, eta Ertzaintzak ikerketa zabaldu du gertatutakoa argitzeko.

Erasoa Goienkale kalean, Bilboko Zazpikaleetan, jazo zen, ostiral gauean. Lauzpabost pertsonak osatutako talde batek jo egin zituen, eta irain homofoboak egin. Biak Gurutzetako Ospitalean artatu behar izan zituzten, aurpegian jasandako kolpeengatik

Deia egunkariak erasoa jasan zuten bi gazteekin hitz egin du. Euren hitzetan, Goienkalen kartelak jartzen aritu ziren, eta handik gutxira estalita ikusi zituztela-eta, lekura bueltatu zirenean lau bat gaztek eraso egin zieten. Horietako batek kristalezko edalontzi bat jaurti zion aurpegira.

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak bere gaitzespen "irmoena" adierazi du "eraso guztien aurrean, baina batez ere homofoboen aurrean". Melgosaren esanetan, XXI. mendeko euskal gizarteak ezin du onartu "inoren askatasunaren kontrako halako erasoak gertatzen jarraitzea", eta ildo horretan, hezkidetza politiken alde egin du, genero ikuspegia txertatuz.

Ortzadar LGTB taldeak ere erasoa "irmo eta ozen" gaitzetsi du, ohar bidez, eta bikoteari laguntza eta baliabideak eskaini dizkie "nozitutako egoera arintzeko asmoz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Ertzaintza Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa LGTBI+ albisteak