Gizartea -
Euskaraldia 2025
16 urtetik beherako haur eta gaztetxoei "xaxatzaile" izateko eskatu die Euskaraldiak
'Xaxatzaile' proposamenak haur eta gaztetxoak "informatzea, prestatzea eta ahalduntzea" du helburu euskararen eragile aktibo izan daitezen euren gertukoen artean. Horretarako Euskaraldiak proposamen didaktikoak prestatu ditu Ikastolen Elkartearekin batera.
Agentziak | EITB Media
Badator laugarren Euskaraldia, maiatzaren 15etik 25era egingo da eta aurtengoan berrikuntza esanguratsu bat izango du, izan ere, 'ahobizi' eta 'belarriprest' ez ezik, 'xaxatzaile' figura sortu dute antolatzaileek, 16 urtetik beherakoei zuzendua, beren inguru hurbilena, lagunak eta familia, euskara erabiltzera anima ditzaten eta Euskaraldian parte hartzera gonbidatu.
Horretarako, Euskaraldiaren antolakuntzak, Ikastolen Elkartearekin elkarlanean, proposamen didaktiko batzuk diseinatu ditu, ikastetxe barruan zein kanpoan euskararen erabilera lantzeko, 16 urtetik beherakoek hizkuntzaren biziberritzean duten papera sustatzeko helburuarekin.
Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak, Xabi Lasa Ikastolen Elkarteko Hizkuntza Proiektuen lehendakariak eta Inma Muñoa Ikastolen Elkarteko hizkuntza proiektuetako kideak Errenterian egindako agerraldi batean aurkeztu dute material didaktiko hori.
Bada, proposamen didaktikoak Euskal Herriko ikastetxe guztietara bidaliko dira, horiek baitira haur eta nerabeak biltzen dituen ingurune naturalak. Gainera, "ikastetxeek ezinbesteko ekarpena egin diote euskararen biziberritzeari, bai ikasleei dagokienean eta baita gurasoei dagokienean ere", gaineratu du Euskaraldiko koordinatzaileak.
"Badakigu, gainera, ikastetxe askok oso gustora hartzen dituztela Euskaraldiaren inguruko lanketak" zehaztu du Urkijok, eta eskerrak eman dizkie Euskaraldia euren eremuetan modu horretan sustatzeagatik.
Azpimarratu dutenez, Euskaraldiaren antolakuntzan parte hartzen duten eragile guztientzat, gazteek "funtzio garrantzitsua dute ariketa aurrteik, ariketan zehar eta ondoren, berez Euskaraldian izena emateko adinean egon gabe ere".
Sustatzaileen esanetan, haur eta gaztetxo talde honek, etorkizuneko partehartzaile posibleen talde bat osatzeaz gain, "beren inguruan euskararen erabileraren aldeko ezinbesteko pedagogia egin dezake, ariketaren nondik norakoak azalduz eta bere inguru hurbilena Euskaraldian parte hartzera animatuz".
Proposamen eta ariketak, adineka
Euskaraldiko lantaldeak ikastetxe guztiei material hau erabiltzeko gonbitea egin die, ikastetxe publiko, ikastola, kristau eskola eta bestelako zentroetako kideei, hain zuzen ere. Proposamenak Euskaraldiaren webgunean aurki daitezke.
Ikastolen Elkartearekin batera prestatutako material didatikoak bi helburu ditu: batetik, haur eta gazteei, Euskaraldiaren berri emanez, haiek ariketan duten egitekoa azaldu eta horrek duen garrantziaren berri ematea, eta, bestetik, haur eta gazteen kontzientzia soziolinguistikoa piztea eta haur eta gaztetxoak informatzea, prestatzea eta ahalduntzea euskararen erabileraren gaian agente aktibo izan daitezen.
Horretarako Euskal Herriko hezkuntza sistema ezberdinei erantzuteko adin tarteka osatu dira proposamenak: 'Altxa' (3-9 urte), 'Dantza' (9-12 urte) eta 'Jalgi' (12-16 urte). "Proposamen guztiek egitura berbera dute, oro har, ikastetxeetan aplikatzeko lana errazteko eta ikasleen arteko kidetzeak antolatzeko modua emateko", adierazi du Ikastolen Elkarteko Xabi Lasak.
Horrela, proposamenek Euskaraldiaren aurretik, ariketan martxan dela eta ondoren egiteko jarduerak eskaintzen dituzte, adin tarte bakoitzaren ezaugarrietara egokituta: "Labur esanda, material didaktiko honetan hezitzaileek zera aurkituko dute: Euskaraldiaren inguruan egiteko 11 jarduera, horien bitartez ikasleekin hizkuntzari buruz hausnartzeko eta bizipenak partekatzeko".
Gainera, materialaren moldagarritasuna nabarmendu nahi izan dute Ikastolen Elkarteko kideek, material didaktikoak 11 jarduera eskaintzen dituen arren, ez dutelako sekuentzia itxi bat osatzen. Beraz, haurren ezaugarriak kontuan izanik, hezitzaileek zein jarduera egingo dituen eta nola aukeratu ahal izango du.
"Ildo horretatik, material hau ez da eskola giroan erabiltzeko, soilik. Haur eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko aisialdi nahiz kultur ekimenak abian dituzten euskara elkarte, aisialdi talde eta antzekoetan ere erabilgarria dela uste dugu. Horregatik begiratu on bat eman eta materiala erabiltzera animatu nahi ditugu haur eta nerabeekin modu baten zein bestean aritzen diren guzti- guztiak", azaldu du Inma Muñoak.
Laugarren ekitaldia, maiatzaren 15etik 25era
Maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldian, 16 urtetik gorako belarriprest eta ahobiziek eman dezakete izena. Izan ere, Goiatz Urkijok esan duenez, "uste dugu ariketa honek helduak interpelatu behar dituela, gaztetxo horien aurrean eredugarri izan daitezen". Edonola ere, horrek ez du esan nahi haur eta gaztetxo horiek Euskaraldian ez dutenik egiteko garrantzitsurik.
Euskaraldiaren helburua euskararen erabilera areagotzea da, euskara erabiltzeko aukerak biderkatuz eta hizkuntza ohiturak aldatuz euskaraz gehiago aritzeko. Hori lortzeko, herritar guztiei lehen hitza euskaraz egitea proposatzen die ariketak, eta horrez gain, euskaraz hitz egin ez baina ulertzen duen horri ere euskaraz egitea eskatzen die. Urkijok zehaztu duenez, "bi egiteko modu horiek sustatuz, uste dugu euskararen erabileran pauso handiak eman ditzakegula".