Gizartea -
URTEMUGA
Zaldibargo hondamendiak, bost urte: Ingurumen delitua ikertzeko auzia argitzeke dago oraindik epaitegietan
Bi langile hil ziren ezbeharrean: Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Bien heriotzagatik ireki zuten auzia itxita dago, baina instrukzio fasean daude oraindik ingurumen arduragatik zabaldutakoa eta Verter Recycling enpresari zabortegia ziligatzeko lanak ordainaraztekoa.
EITB Media
Otsailak 6 ditu gaur, eta horrenbestez, bost urte dira EAEko ingurumen hondamendi larrienetakoa gertatu zela: Zaldibarko zabortegiko amiltzea. Bizkaiko udalerriko Eitzaga auzoan zegoen zabortegitik 500.000 tona hondakin mugitu, behera etorri eta zabortegiko bi langile harrapatu zituen luiziak: Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Lehenengoaren gorpuzkiak ezbeharra gertatu eta sei hilabetera topatu zituzten; Beltranenak hondakinen artean lurperatuta geratu dira betiko. Igandean, hilaren 9an, egingo dute Eitzagan bertan bi langileak oroitzeko ekitaldia.
Hain justu, bien heriotzengatik ireki zuten auzia da afera honetan itxita dagoen bakarra. Zabortegia kudeatzen zuen Verter Recycling enpresaren hiru goi arduradunek hartu zuten erantzukizuna. Arduragabekeriazko homizidioa leporatuta, sei hilabeteko espetxe zigorrera kondenatu zituzten, kartzela saihestu eta familiei 2,8 milioi euroko kalte-ordaina pagatu zieten.
Bien bitartean, hondamendiarekin lotutako beste bi auziak instrukzio fasean daude oraindik, trabatuta-edo. Ingurumen delituaren atalak zabalik jarraitzen du. Durangoko epaitegi bat ari da ikertzen 2021etik, eta urteotan luzapen bat baino gehiago izan du prozedurak: azkena, iazko azaroan. Horren arabera, epaileak ekainera arte du frogak bildu eta lakukotasun gehiago jasotzeko. Instrukzioa amaituta ere, litekeena da epaiketa 2026an egitea. Prebarikazioa egotzita, 13 auzipetu daude atal honetan, tartean Zaldibarko zabortegiaren hiru arduradunak zirenak, Verter Recyclingen aholkularitza enpresako teknikariak eta Eusko Jaurlaritzako funtzionarioak.
Horrekin batera, bada itxi gabeko beste hari-mutur bat: zabortegiaren eremua egonkortzeko eta hondakinak zigilatzeko lanak. Berez, Verter Recycling enpresari, zabortegiaren kudeatzaileari, zegokion beharrok egitea, baina enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartuta, azkenean Eusko Jaurlaritzak, subsidiarioki eta urgentziaz, bere gain hartu zuen zeregina: orain arte 31'5 milioi euro gastatu ditu. Verter Recyclingek dirutza itzuli behar die erakunde publikoei, baina oraingoz, ez du zorra kitatu. Auzi hori ere epaitegietan ebatzi beharko da.