Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Gizon batek ama hil du Irunen

Ustezko hiltzaileak (47 urte) ertzain etxean jarraitzen du, epailearen aurretik noiz igaroko zain. Arratsaldean elkarretaratze isila egin dute Irungo San Juan plazan hilketa gaitzesteko.

Hilketa emakumearen etxebizitzan jazo da bart. EFE
Hilketa emakumearen etxebizitzan jazo da bart.
Bilkura Irunen, semeak hildako emakumearen heriotza salatzeko

0:22

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakume bat hil dute Irunen, semeak labanaz eraso egin omen diolako, EITB Mediak baieztatu ahal izan duenez.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldutako informazioaren arabera, atzo, ustezko erasotzailea amaren etxera joan zen 13:30ak aldera eta labanaz eraso egin zion. Gizonaren izeba batek eta biktimaren bikotekideak esku hartu zuten emakumeari laguntzeko. Gizonak, ordea, erasoaren tokitik ihes egin zuen.

Gertatutakoaren berri izan ondotik, erasoaren tokira joan ziren ertzainek artatu zuten emakumea. Ondoren, Donostia Ospitalera eraman zuten. Ustezko erasotzailea minutu batzuk geroago atxilotu zuten, hilketa saiakera egotzita.

47 urteko atxilotuak ertzain etxean jarraitzen du, epailearen aurretik noiz igaroko zain.

Irungo Udalak hilketa gaitzetsi du, eta elkarretaratze isil batean parte hartzeko deia egin du.

Protesta 19:00etan izan da, San Juan plazan. Udalak Berdintasun Kontseilua osatzen duten elkarteekin (Argoiak, Bidasoako Elkarte Feminista, Gaurko Andreak, Irungo Emakumeen Etxea, Txingudi Elkarte Feminista eta Uxoa) batera deitu du elkarretaratzea.

Elkarretaratzean Cristina Laborda Irungo alkateak eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak parte hartu dute, besteak beste.

Udalak adierazpen instituzional bat onartu du, "emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak euren osotasun fisiko eta moralaren kontrako erasoa direla eta, ondorioz, giza eskubide guztien urraketa larri eta onartezina" azpimarratzeko.

Gaineratu duenez, hilketa "matxismoaren adierazpenik larriena da, bai eta lehen mailako arazo sozial bat ere, duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurka egiten duena, batez ere pairatzen duten eta aurre egiten dioten emakumeen kontra".

Era berean, ohar batean, Emakundek irmo gaitzetsi du hilketa, eta babesa helarazi die familiari eta biktimaren ingurukoei, eta gogorarazi du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak jasotzen duela emakumeen kontrako familia barruko indarkeria ere "indarkeria matxista" dela.

Horregatik, horiek guztiak gaitzesteko deia egin die herritarrei, eta nabarmendu du beharrezkoa dela "pertsona guztien inplikazioa, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea lortzeko".

Eudelek, bere aldetik, beste ohar batean ohartarazi duenez, "heriotzek emakumeen aurkako indarkeriaren arazoaren zati bat baino ez dute erakusten, eta arazo horren haztegia emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna da".

"Emakumeen aurka erabiltzen den indarkeria, kasu honetan familia eremuko indarkeriaren testuinguruan, emakumeen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako eraso larria da", gaineratu du Eudelek, eta "tragedia hau giza eskubideen urraketa larri eta onartezintzat" jo du.

Bere ustez, kasu horrek "erakundeek eta euskal gizarte osoak udalerrietan berdintasuna gauzatzeko duten erantzukizuna" agerian uzten du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Albisteak Gipuzkoa Gizartea Genero indarkeriaren biktimak Eguneko albisteak Irun albisteak gaur Albisteak Matxismoa