Gizartea -
Eguraldia
Elurra 600-800 metroan egin dezakeela eta, abisupean egongo dira EAEko barnealdea eta Pirinioak
Abisu horia 21:00etan sartuko da indarrean EAEn, eta larunbateko 09:00ak arte egongo da aktibo. Horren harira, Gasteizko Udalak Elurteetarako Planaren larrialdi aurreko fasea jarriko du martxan. Pirinioei dagokienez, ia egun guztia (09:00-24:00) egongo dira abisupean, larunbateko 05:00ak arte.
EITB MEDIA
Euskal Herria fronte hotz baten eraginpean izango da datozen orduetan, eta, ondorioz, negu giroa nagusituko da denean, barnealdean elurra maila baxuan egiteraino, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egindako iragarpenaren arabera.
Iragarpena oinarri, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du ostiral gauetik hasita larunbat goizera arte, elur-maila 600-800 metrora jaitsiko baita. Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak, bestalde, abisupean jarri ditu Pirinioak. 09:00etan sartu da indarrean eta larunbat goizeko 05:00ak arte egongo da aktibo.
Gaur, EAEko barnealdean, elur-maila 600 eta 800 metro artean kokatuko da, eta baliteke Arabako ekialdean beherago ere egitea. Honako hauek dira aurreikusitako lodierak: 0-5 cm 1.000 m-ra, 0-1 cm 600 m-ra, 0 cm 200 m-ra.
Larunbat goizean, elur-maila 1.000 metrora igoko da, eta prezipitazioak ahulak edo ertainak izango dira, batez ere isurialde atlantikoan. Halaber, 1.000 metrora 5 zentimetro elur pila daiteke, eta kota baxuagoetan pilaketa txikiagoak izan daitezke.
Euskalmetek gomendatu du arreta handiz gidatzeko elurra egiten duen eremuetan, batez ere mendiko errepideetan, elurrak eta hotzak arazoak sor baititzakete.
Ingurumari horretan, Gasteizko Udalak 18:00etan abiatu du Elurteetarako Planaren larrialdi aurreko fasea, Arabako hiriburua 525 metrora baitago. Fase horretan, zerbitzu guztiak koordinatzen dira eta behar diren baliabideak eskura daudela egiaztatzen dute.
Pirinioetan, elur-maila gorago egongo da, 900 metroan, baina altuera horretan 5 zentimetroko geruza pilatzea espero dute.
Trafiko Sailak Neguko Bidezaintza Plana aktibatu du "Jarraipen eta Informazio Fasean".
Eusko Jaurlaritzak arreta handiz gidatzeko gomendioa eman du, eta larrialdi zerbitzuen aginduak jarraitzeko eskatu du. Gainera, profesional-talde bat jarri du martxan, errepideen egoera gainbegiratzeko eta eguraldi txarrari lotutako arriskuak minimizatzeko behar den moduan jarduteko.
Datozen orduetan baldintzek okerrera egitea espero da; beraz, azken orduko iragarpenei adi egoteko eta kaltetutako eremuetan beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihesteko eskatu diete herritarrei.