Gizartea -
Eguraldia
Eguraldi nahasia izango da astearen hasieran, hego-haizearen eraginez
Tenperatura goxoak izango diren arren, giro lainotsua izango da eta euri txikia egin dezake tarteka eta edozein tokitan astelehenean eta asteartean. Asteazken eguerdian, ipar-mendebaldera aldatuko da haizea eta termometroek behera egingo dute koxka bat, baina ostegunean argitzera egingo du berriro.
EITB Media
'Hego haizea, ero haizea' dio esaerak, eta halaxe izango da hastear den asteko eguraldia, eroa eta nahasia, astearen zatirik handienean hegotik joko baitu haizeak. Horri esker, giroa epela izango da, baina aterkia eskura eduki beharko du busti nahi ez duenak.
Astelehenean, zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da, eta euri txikia egin dezake han-hemenka. Haizea ahul-bizi ibiliko da hegoaldetik, eta bolada gogorrak izango dira haizeguneetan, 45 km/h-rainokoak. Tenperaturek koxkatxo bat egingo dute gora, bereziki isurialde atlantikoan, eta bertan aise gaindituko dira 15 ºC-ak.
Asteartean, tankeratsu jarraituko du eguraldiak. Zerua tarteka hodeitsu egongo da eta euri txikia egin dezake noizbehinka, batez ere barnealdean, han hodeiak ugariagoak izango baitira. Hegotik jotzen jarraituko du haizeak, tarteka bolada gogor eta oso gogorrekin, bereziki ekialdeko haizeguneetan. Tenperaturek beste pare bat gradu egingo dute gora, eta kostaldean 17-18 ºC-raino irits daitezke termometroak. Barnealdean, berriz, nekez pasatuko dira 11-13 ºC-tik.
Asteazkenean, aldaketa txiki bat espero behar dugu; izan ere, goiza, aurreko egunen antzera, lainotsu eta euri txikiarekin igaroko da, baina haizeak mendebal ipar-mendebaldera egingo du eguerdi inguruan, eta horrek tenperatura maximoak zertxobait jaistea ekarriko du. Haizea bizi ibiliko da, gainera, Araba inguruan zakar.
Hortik aurrera, badirudi hego-haizea sartuko dela berriro ostegunetik aurrera.