Gizartea -
Indarkeria matxista
Nafarroako Auzitegiak urte eta erdi gehitu dio bikotekidea jo, bortxatu eta mehatxatu zuen gizonaren zigorrari
Indarkeria matxista egotzita, Lurralde Auzitegiak ezarritako epaiari helegitea aurkeztu zioten Fiskaltzak eta akusazio partikularrak, eta horren zati bat onartu du orain Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Horrenbestez, 9 urte eta 11 hilabeteko kartzelaldia bete beharko du gizonak.
Agentziak | EITB Media
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak urtebete eta bost hilabeteko zigorra erantsi dio Iruñean bikotekidea jo, bortxatu eta mehatxatzeagatik kondenatutako gizonari. Lurralde Auzitegiak 8 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zion urrian gizasemeari, baina epai honekin, 9 urte eta 11 hilabete bete beharko ditu espetxean.
Epaia ez da irmoa eta Auzitegi Gorenean errekurritu daiteke. Auzitegi Nagusiko Arlo Zibil eta Penaleko Salak uste du, Fiskaltzak eta akusazioak defendatu bezala, zigortuari ezin zaiola aitortzaren aringarria aplikatu (hala ebatzi zuen Nafarroako Lurralde Auzitegiak). Dena dela, eutsi egin dio hark ezarritako alkohol eta kokaina gehiegizko kontsumoaren aringarriari.
Kartzela zigorra bete ez ezik, biktimari 38.325 euroko kalte ordaina ere ordaindu beharko du zigortutakoak.
Lurralde Auzitegiak frogatutzat emandako gertakariak bere horretan utzi ditu Auzitegi Nagusiak. Epaian jaso zenez, gizonak eta emakumeak bikote harremana izan zuten 2020ko abuztutik 2022ko urtarrilera. Tarte hartan, zehazki 2021eko irailean, urrian eta abenduan, tratu txarrak eman zizkion gizonak. Epaiak zehatz kontatzen ditu biktimak jasandakoak: "Gizonak emakumea kolpatu, bultzatu, iletik tiratu, lurrera bota, aurpegian ostikoak eman, lepotik oratu eta iletik helduta zuela, arrastaka eraman zuen".
2022ko urtarrilean, bikote harremana hautsita zutela, Iruñeko dantzaleku batean topatu ziren biak. Emakumea mozkor zegoen, eta lo geratu zen diskotekako gela batean. Bikotekide ohiak autoz etxera laguntzeko opatu zion emakumezkoari, eta bertan gogor kolpatu eta bortxatu zuen eta heriotza mehatxuak egin zizkion. Behin emakumearen etxean, berriro jo eta mehatxatu zuen biktimak ihes egin eta laguntza eskatu zuen arte.
Epaiketan, akusatuak bere abokatuaren galderei bakarrik erantzun zien, eta egindakoa aitortu zuen arren, adierazi zuen alkohola eta kokaina hartzearen ondorio zela. Nafarroako Lurralde Auzitegiak indarkeria matxistagatik zigortu zuen, baina aitortza eta drogen kontsumopean egotearen aringarriekin.
Akusazio partikularrak eta Fiskaltzak bi aringarri horiengatik errekurtsoa aurkeztu zuten, eta horietako bat, hain justu, onartu du Auzitegi Nagusiak. Argudiatu duenez, aitortza gorabehera, gizonak "ez zion Justiziari lagundu": instrukzio fasean, ez zuen deklaratu eta epaiketan, ez zien akusazioen galderei erantzun nahi izan.